Gipuzkoako errepideen finantzaketaz eztabaidatu duen batzorde txostengileak atzo zuen azken bilera, eta alderdien arteko adostasunik gabe amaitu du taldeak bere jarduna. Batzar Nagusietako Mugikortasun Batzordean segitu beharko dute gaiaz eztabaidatzen.
Bilduk eta Aralarrek eginiko azken proposamenaren alde egin dute bi talde politikoek. Besteak beste, txosten horrek herritarren berdintasuna bultzatzen eta justizia soziala bermatzen duela adierazi dute. Bilduk iragarri du erabiltzaileek gehienez 25 euro ordaintzeko proposamena mugikortasun batzordera eramango duela, han eztabaida dezaten.Gainera, koalizioa eta Aralar bat etorri dira EAJri eta PSE-EEri kritika egiterakoan; akordioak egiteko borondaterik ez izatea leporatu die Bilduk, eta «hauteskunde interesak» lehenestea, berriz, Aralarrek.
EAJk, ordea, errepideak finantzatzeko eredua ezkutatzea leporatu dio Bilduri. «Talde txostengileak iraun duen epean soilik gauza bakarra gelditu da argi: Bilduri dirua biltzea axola zaio. Gainera, ez dute argitu bidesari berriak, zerga berria ala biak ezarriko dituzten», adierazi du EAJko Gipuzkoako batzarkide Aintzane Oiarbidek. PSE-EEk, berriz, esan du bide azpiegituretakoa Gipuzkoako Foru Aldundiaren «porrot nagusia» izan dela.
Itunik gabe itxi dute Gipuzkoako errepideen eztabaida batzordea
Talde txostengileari «oztopoak» jartzea izan da EAJren eta PSEren helburua, Bilduren eta Aralarren arabera
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu