Itunpeko ikastetxeetako eta Haurreskolak partzuergoko langileen «soldata eskubideak» Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak bermatzeko eskaera atzera bota du Eusko Legebiltzarrak. EAJk eta EAk atzoko osoko bilkuran aurkeztutako ekimena bi alderdi horiek bakarrik babestu zuten, eta PSEk eta PPk, berriz, kontrako botoa eman zuten. Aralar, Ezker Batua eta UPD abstenitu egin ziren.
EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak baliogabetzat jo zuen, martxoaren 7an emandako epaian, itunpeko ikastetxeetako eta Haurreskolak Partzuergoko langileen soldatak murriztea. Jaurlaritzak laguntza gutxitu zienez, patronalek soldatak gutxitu zituzten, baina auzitegiak arrazoia eman zien CC.OO, EILAS, ELA, LAB eta UGT sindikatuei. Martxoaren 23an, berriz, jakin zen Justizia Auzitegi Nagusiaren epai batek ikastolak ere behartu zituela langileen soldata osoa ordaintzera.
Epaia irmoa bihurtzen denean, «langileen soldata eskubideak bermatzeko neurri egokiak» hartzeko eskatu zioten Hezkuntza Sailari EAJk eta EAk, legebiltzarrean aurkeztutako ekimenaren bitartez, baita «Haurreskolak-en zerbitzuaren kalitatea bermatzeko» ere. Juanjo Agirrezabala EAko legebiltzarkideak adierazi zuen arazoa gobernuak sortu duela, «bere murrizketekin». «Eta konpondu ere berak konpondu beharko luke». EAJko Arantza Aurrekoetxearen iritziz, berriz, «hezkuntzako itunei ezarritako murrizketak ikastetxeakkontuan hartu gabe egin ziren».
Auzitegien epaiak, berriz, Hezkuntza Sailari erantzukizun guztia kendu dio, Vicente Reyes PSEko legebiltzarkidearen ustez. «Murrizketek berdin-berdin eragin behar dute diru iturri publikoak dituzten erakunde guztietan». PPko Iñaki Oiartzabalek adierazi zuen epaiak Jaurlaritzaren erabakia babesten duela.
Atzo, hain zuzen ere, Haurreskolak Partzuergoko langileek hiru orduko lanuztea egin zuten,EILAS, ELA eta LAB sindikatuek deituta, eta elkarretaratzea nahiz auto karabana egin zituzten Gasteizen, Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean. Sindikatuek adierazi dute «mehatxua»dela Isabel Zelaa sailburuak«zerbitzua berrantolatzeko» asmoa azaldu izana: «Haur eskoletako langileok garbi utzi nahi dugu ez dugula inolako atzerapausorik onartuko ez hezkuntzaren kalitatean eta ez lan baldintzetan ere».
Bizkaiko kristau eskoletako langileek ere elkarretaratzea egin zuten, atzo, Bilboko gotzaindegiaren aurrean.
Itunpeko langileen soldatak Jaurlaritzak osatzea ez du onartu Eusko Legebiltzarrak
EAJk eta EAk haur eskolen eta ikastetxeen inguruan aurkeztutako ekimena atzera bota dute PSEk eta PPk
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu