Iturritik dator eztabaida

Edateko urari fluorra gehitzeak eragin ditzakeen gaitzen aurkako kexak gora doaz, baina Eusko Jaurlaritzak neurriaren alde egin du, txantxarraren aurka borrokatzeko tresna delakoan.

Jon Rejado.
Gasteiz
2012ko urriaren 23a
00:00
Entzun
Etxeko iturritik dator osasun publikoari buruzko eztabaida. Zenbait pertsonak eta elkartek ezbaian jarri dute umeen hortzak txantxarraz babesteko duela mende laurdena hartutako neurria umeen zein nagusien osasunerako ona den. Fluorrak zenbait gaitz eragin ditzake, eta ingurumenean ere kalte egiten duela nabarmendu dute. Ordea, jarduneko Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak fluorazio politika mantentzeko asmoa du.

Eusko Jaurlaritzak BERRIAriazaldutako jarrera horrek uda aurretik abiarazitako prozesu batekin talka egiten du, ordea. Eusko Jaurlaritzako eta Bilboko Udaleko ordezkariek eta aditu talde batek edateko uraren fluorazioa aztertzeko osasun eraginari buruzko ikerketa bat hasi zuten orduan, Bilbo-Bizkaiko Uren Partzuergoaren eskaeraren ondorioz. Talde horretan Bilboko Auzo Elkarteen Federazioa ere egon da, ikerketa horretan ateratako emaitzek zuzenean eragingo baitiete bizilagunei: fluorazioa handitu, mantendu, txikitu edo kentzea eragingo du.

Talde horrek bilera bakarra egin du, Bilboko Auzo Elkarteen Federazioko presidente Francisco Javier Muñozek jakinarazi duenez. Ordea, ikerketa horrek aurrera egiten duen bitartean, federazioak beste informazio talde bat osatu du Ekologistak Martxan-ekin, EKA kontsumitzaileen elkartearekin, BIGE gurasoen elkartearekin eta medikuen talde batekin. Etzi dute hurrengo bilera; orain arte hitz egindakoaren arabera, ez daude fluorazioarekin jarraitzearen alde. «Orain arte bildu dugun informazioaren arabera, zuhurtziagatik, fluorazio politika gelditu beharko lukete».

Iturritik banatutako botika

Iritzi bertsua du Irune Ruiz Ekologistak Martxan-eko kideak. Lehenik eta behin, Ruizek ezbaian jarri du osasun publikorako hartzen den neurri hori: «Fluorra botika baten moduan erabiltzen dute, baina ura edaten duen edozeini ematen diote, dosia kontrolatu gabe eta izan ditzakeen albo ondorioak kontuan hartu gabe». Ruizek «etikotzat» jo du gai hori, babesgabetasun egoeran egon daitezkeen adingabeen hortzetako osasuna babesteko gizarte osoari botika bat ematen diotelako.

Bestetik, Ruizek nabarmendu du botika izatera ere ez dela heltzen fluorra. Neurotoxikoa den gai bat dela gogorarazi du, gorputzean pilatuz doana eta albo ondorioak dituena. «Hartzen dugun fluorraren %5 baino ez da hortzetara heltzen, fluorazioaren helburu bakarra diren arren; %50 kanporatu egiten dugu, eta %45 gorputzean geratzen zaigu». Gai hori pilatzean zenbait osasun arazo sor daitezke, eta zuzenena hortzen fluorosia da. Fluorosi handia duten hortzen esmaltea errazago higatzen da, eta hezurretara ere zabal daiteke. Bestetik, fluorra beste gaixotasun batzuekin lotu duten ikerketak daudela azaldu du Ruizek: hipotiroidismoa, hezurren minbizia, sistema immunologikoaren ahultzea... Umeen adimen kozientean ere eragin dezakeela gaineratu du.

Horrez gain, Ruizek uste du «aise» gainditu direla umeen hortz osasunari buruzko helburuak, eta hori zen, hain zuzen ere, edateko urari fluorra botatzeko baldintzetako bat. 1988tik txantxarra duten umeen kopurua nabarmen jaitsi dela onartu du Osasun Sailak. CAO indizeak behin betiko hortzetan txantxarra neurtzen du, eta 1988an 2,3 izan zena 0,52ra pasatu da —OME Osasunaren Mundu Erakundeak 1,5 aholkatu zuen 2015erako—. Ordea, azken urteetan indizearen bilakaera mantsoagoa dela onartu du, fluorra duen hortzetako pastaren erabilerak, dietak eta bestelako faktoreek eraginda. Horrez gain, gaineratu dute alde gutxi dagoela fluoratutako ura edaten duten umeen eta gehitutako fluorra ez duen ura edaten dutenen artean, txantxar kopuruari dagokionez.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak azaldu du uraren fluorazioa XX. mendeko osasun publikoko «lorpen handienetako» bat dela. Sistema horren bidez biztanleria osora heltzen dela nabarmendu du, pertsona bakoitzaren egoera sozioekonomikoa kontuan hartu gabe. Gaineratu du neurriak sektore sozioekonomiko apalenetako haurrengan duela eragin handiena.

Emaitza positibo horien aurrean, eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako biztanleengan fluorazioaren albo ondorioak ikertzeko azterketen emaitzak ikusita, Eusko Jaurlaritzak urari fluorra gehitzeko programa mantendu behar dela uste du. Ordea, programaren aldizkako berrikuspena egiten jarraituko duela aurreratu du, sistema gaurkotzeko eta dagozkion egokitzapenak egiteko.

EAEn bai, Nafarroan ez

Eusko Jaurlaritzak urari fluorra botatzeko erabakia defendatu duen arren, tokian tokiko gobernuen erabakia izan ohi da halakorik egitea. Nafarroako Gobernuak, adibidez, ez du urari fluorra botatzeko neurririk hartu, ez behintzat modu sistematikoan, osasun publikoko gai bat balitz bezala. Ordea, behin betiko hortzak agertu bitarteko osasun arreta bermatzeko programa badu, Eusko Jaurlaritzak martxan jarritakoaren modukoa. Ordea, Hego Euskal Herriko saltokietan fluorra duen gatza eros daiteke, Espainiako Gobernuak hori baimendu du eta, uraren fluorazioa bezala.

Munduan fluorazioarekin lotutako hainbat egitasmo daude, eta zenbait gobernuk fluorazio programak abiarazi dituzte. Jamaikako Gobernuak gatzaren fluorazioa abiarazi zuen, esate baterako, eta Txilen esnearen bidezko fluorazioari ekin zion gobernuak. Dena den, zenbait egitasmo egon arren, Euskal Herriaren inguruan dauden herrialde gehienek ez diote fluorra gehitzen edateko urari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.