Egun, duela hamalau urte baino arrazoi gehiago daude Trebiñu Araban sartzeko prozedurari ekiteko, Roberto Ruiz Argantzungo alkatearen arabera. Dioenez, Burgostik bereiztea nahi dutenak gehiago dira orain bi udaletan eta horrek itxaropena ematen die: «Esperantza ez dugu galduko eta lanean jarraituko dugu».
Bi udalek hasitako tramitazioa «normalizazioaren» bidean kokatu du Ruizek: «Ez dugu liskarrik eta istilurik sortu nahi beste erkidegoekin». Burgostik bereizi eta Araban sartzeko hasi duten prozeduraren oinarrian herritarren borondatea errespetatzea baino ez dagoela azaldu du. Gainera, aldarrikapen hori aspalditik datorrela gogoratu du: «Errepublika garaian ere Trebiñu Araban sartzeko ahalegin bat egon zen».
Gaztela eta Leongo Gobernuak eskaera atzera botako balu, ordea, beste bide batzuk erabiltzearen aldekoa da Ruiz. Besteak beste, aipatu du Eusko Legebiltzarrak Espainiako Gorteei eskaera hori egingo liokeen lege proposamena onartzeko aukera mahai gainean dagoela. «Orain akordiorik ez balego, bide hori jorratzen hasi beharko genuke».
Edozelan ere, Gaztela eta Leonekin negoziazioak hastea espero duela esan du. Itxaropena dauka Arabako Diputazioak Burgosekin hasitako elkarrizketak bide onetik joatea, eta bi aldeen arteko elkar ulertzea posible izatea.
Roberto Ortiz. Argantzungo alkatea
«Itxaropena ez dugu galduko»

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu