Itxaropenez eta aurrerapauso gisa. Halaxe hartu dute atzo Donostian egindako bake konferentzian parte hartu zuten alderdiek, amaieran aurkeztutako ebazpena. «Bakerako oinarriak» eraikitzen ari direla nabarmendu dute, eta ezin dela aukera hori galdu. Herritarren parte hartzearen garrantzia defendatzearekin batera, urratsak egiteko eskatu diete ETAri eta Espainiako zein Frantziako gobernuei.
EAJren EBBko presidente Iñigo Urkullurentzat «itxaropenerako eguna» izan zen atzokoa, eta nazioarteko adituek diotena entzuteko eskatu dio ETAri. «Behin eta berriz aldarrikatu du haien parte hartzea, beraz, entzun dezala diotena. Izan ere, mezu argi batekin etorri dira Donostiara: lehen urratsa ETAk jarduera armatua behin betirako uztea izan behar du». Horrekin itxaropenerako leiho bat zabalduko litzateke, Urkulluren irudiko. «50 urtez euskal gizartean eragin den sufrimenduaren ondorioak kudeatzen hasteko aukera izango genuke».
Agiriak «guztiei» eskatzen dizkiela urratsak nabarmendu eta gogorarazi nahi izan du Pello Urizar EAko idazkari nagusiak. «ETAri sareta jaisteko eskatzen dio, eta Espainiako eta Frantziako gobernuei gatazkaren ondorioen inguruan negozia dezatela. Denek egin behar dituzte urratsak». Konferentzia «positiboa» izan da haren iritziz. «Unea aprobetxatu egin behar da. Gainontzean, euskal gizarteak ez luke ulertuko».
Alternatibako bozeramaile Oskar Matuteren arabera, bake «iraunkorra eta bidezkoa» lortzeko oinarriak jarri dira konferentzian. «Urrats garrantzitsua egin da, eta urte askoan bizi izan dugun agertokirik onena ekarriko du horrek». Herritarren parte hartzea ere aldarrikatu du bake prozesuan. «Bakea ezin da herritarrak kontuan hartu gabe lortu. Garaile bakarrak haiek izango dira».
Bakean bizi ahal izateko «pausu erabakigarria» eman da Donostian, Ezker Batuko Jose Navasen esanetan. «Bake iraunkor bat eraiki behar dugu, eta horretarako beharrezkoa da gatazkaren sustraiak eta ondorioak aztertzea».
Navasen ustez zailena geratzen da. «Gatazkaren amaieran gaude, eta aurrez aurre jarriko dira batzuen eta besteen aurreikuspenak. Horren ondorioz, agian, gatazka ez da uste bezain epe laburrean konpondu ahal izango. Baina jaikitzen jakin behar dugu, eta une batzuetako frustrazioak gainditzen».
Max Brisson UMPko kontseilari nagusiak bake konferentzian parte hartu duten nazioarteko pertsonalitateen garrantzia azpimarratu du lehenik eta behin. Bukaerako adierazpena ez da zehatza izan Brissonen iritziz, baina «prozesu bat irudikatzen du», batetik ETAri behin betiko armak uztea eskatuz eta bertze aldetik konponbidean urratsak egiteko eskatuz Frantziari eta Espainiari. «Nazioarteko gatazketan esperientzia handiko pertsonek egin dute deia, eta pentsatzekoa da Frantziak zein Espainiak entzunen dutela eta konponbidean engaiatu». Brissonen iritziz Ipar Euskal Herriko hautetsiek ekarpena egin beharko dute, batetik Frantziako Gobernuari azaltzeko urratsen garrantzia eta bertzetik gizartea bera konbentzitzeko. «Frantziak gatazkaren ondorioak bizi izan ditu, eta horregatik horren konponbidean ere parte hartu behar du».
«Gertakari historikoa» izan dela nabarmendu du Frederique Espagnac Frantziako senatari sozialistak. «Gatazka gainditzeko aukera guztiak daude, mahai baten inguruan bildu behar dira eragile guztiak eta bakea eraiki ondoko belaunaldientzat». Nazioarteko begirada Euskal Herrian jarri dela azaldu du, eta horregatik baikor ikusten du gatazka gainditzeko aukera, «Europako azken gatazka armatuari» bukaera eman behar zaiolako. Eragile guztiek arduratsu jokatu behar dutela erran du. Konferentzian urratsak egitea eskatu zaie, ETA zein estatuei. Alde guztiek keinuak egin behar dituztela erran du.
Euskal Herriaren aitortza
Eragileen aniztasuna eta garrantzia azpimarratu du Jakes Bortairuk ABren izenean. Batetik nazioarteak arreta, babesa eta laguntza eskaini diolako Euskal Herriari gatazkaren konponbidean. Euskal Herritik ikusita adierazpenean sorpresa gutxi egon dela azaldu du, baina Gernikako adierazpenean bildutako eskaera guztiak bere egin dituztela erran du. Konponbidearen norabidean urrats garrantzitsua dela gaineratu du, urrats gehiago igurikatzen dituela azalduz. «Ipar Euskal Herriko eragile ezberdinak presente egoteak erakusten du batzuen artean badela orain sentsibilitatea eta interesa; konbentzitu dira gauzak aldatzen ari direla Hegoaldean eta Iparraldean ezin direla egon deus mugitu gabe». Azkenik, presoen gaia hastapenetik mahai gainean egotearen garrantzia nabarmendu du. «Funtsezko elementua da, eta aski fite beharko da aztertu presoen egoera».
Ipar Euskal Herritik Donostiara joandako eragile guztiek gatazka konpontzearen beharra nabarmendu dute, eta hori bera urrats garrantzitsua dela azaldu du Anita Lopepe Batasuneko kideak. Kofi Annanen hitzak ekarri ditu gogora, argira ekartzeko bake iraunkorra eraikitzea ez dela soilik bortizkeriarekin bukatzea. Konponbidea integrala izan beharko dela erran du. Batasuna Euskal Herri osoan dago antolaturik eta konponbide integral hori bultzatuko du. Atzokoa inflexio puntua izan dela dio Lopepek. Frantziako Gobernuari interpelazio zuzena egin diote. «Frantziak ezin du gatazkaren izaera politikoa ukatu eta aitortza politikoa eman beharko dio Euskal Herriari».
Konponbidea sustatzeko nazioarteko konferentzia. Erreakzioak
Itxaropenez eta aurrerapauso gisa hartu dute konferentziako agiria
EAJk nazioarteko adituek esandakoa aintzat hartzeko eskatu dio ETAri; EAren ustez, galdu ezin daitekeen aukera daKonferentzian adostutakoa baikor hartu dute Iparraldeko alderdietako ordezkariek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu