Koronabirusa

Itxaropentsu daude Nafarroako Gobernua eta Eusko Jaurlaritza

Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria, atzo. BERRIA.
Maddi Ane Txoperena Iribarren - Ainhoa Larretxea
2020ko apirilaren 5a
00:00
Entzun
Azken egunotako kutsatze kopururik txikiena erregistratu zuten atzo Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak 496 kutsatu gehiago, eta itxaropentsu agertu dira jasotako datuekin. Biek ala biek baieztatu dute egonkortze fase batean dagoela pandemia Euskal Herrian, baina, hala eta guztiz ere, tentuz jokatzeko eta etxean jarraitzeko eskatu zuten. Santos Indurain Nafarroako Osasun kontseilariak atzo egindako agerraldian erran zuenez, hain zuzen, «ezin da bermatu ez denik kutsatzeen emendatze bat gertatuko». Ohartarazi du, halaber, kutsatzeen mantsotzeak ez duela erran nahi gauza bera gertatuko denik heriotzekin: «Kutsatzeak gutitu arren, hildakoen kopuruak ez du eboluzio bera izanen». Azaldu du kutsatzeko mementotik heriotzara arte dagoen denbora tarteagatik dela hori. Atzo orotara 53 lagun zendu ziren Euskal Herrian, herenegun baino gehiago ortziralean 42 hil ziren.

Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak hiru mezu zabaldu nahi izan zituen atzo: dolumina, itxaropena eta erresistentzia. Azkeneko egunetan itxaropenerako datuak jaso dituztela nabarmendu zuen hark ere, baina, hala ere, arreta mantentzeko beharra azpimarratu zuen: «Orain amore emateak egindako lan guztia galtzea ekar dezake». Herritarrei eskerrak eman dizkie etxean gelditzeagatik, eta, bereziki, arreta jarri du adineko pertsonengan, haurrengan eta gazteengan. Jendea «nekatuta» egon daitekeela ulertzen duela erran du, baina ahalegina beharrezkoa dela. Oroitarazi du segurtasun neurriak mantentzea ezinbertzekoa dela, eta osasuna zaintzeko eskatu du. Era berean, eskerrak eman dizkie herritarrei, bereziki osasungintzako langileei.

Legebiltzarra gaitzeko deia

Maddalen Iriarte EH Bilduko legebiltzarkideak Urkulluren gobernuaren eta EAJren jarrera txarretsi du, gehiengo parlamentariorik izan ez arren «hala balitz bezala» jokatzeagatik: «Ez dute planik koronabirusaren krisiari aurre egiteko; inprobisatzen ari dira, eta mahai gainean jartzen diren proposamenak mespretxatzen ditu». Hori dela eta, EH Bilduk legebiltzarra dekretu bidez gaitzeko eskaera egin dio Urkulluri, berriro hauteskundeetara deitzeko aukera izan arte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.