Nafarroako Gobernuak «berrikuntzak» egin nahi ditu osasun politiketan, «eguneroko bizimodua desmedikalizatzeko» eta herritarren artean «ardura partekatuaren eta nork bere burua zaintzearen kultura» sustatzeko asmoz. Helburua da «prebentzioan» sakontzea, Santos Indurain Nafarroako Osasun kontseilariaren arabera: «Osasun zerbitzuak birpentsatu behar ditugu, XXI. mendeko erronkei eta beharrei erantzuteko. Osasunbidea berritu behar dugu».
Indurain Nafarroako Parlamentuan izan da, hark zuzendutako departamentuak datozen lau urteetan garatu nahi dituen politiken berri emateko. Horien artean dago Osasun Lege bat taxutzea: «Egungoak 30 urte dauzka, eta, arau berri horren bidez, berehala eman nahi diegu erantzun bat erronka nagusiei». Horren bitartez, osasun sistema publikoari «giza baliabideak eta materialak» eman nahi dizkiote —Barne Produktu Gordinaren %6,5—. Horren inguruan «adostasun zabal bat» lortzea espero du; parlamentarien artean, baina baita «profesionalen, adituen eta akademiaren» artean ere. «Ezinbestekoa posible egitea, beharrezkoa aldatzea eta onena nahi izatea» izango da Osasun Departamentuaren jarduteko era, Indurainen hitzetan.
Datozen lau urteetarako «helburu estrategikoak» izango dira «komunitatearen osasun egoera eta ongizatea hobetzea eta osasun arloko desberdintasunak urritzea», eta, testuinguru horretan, itxarote zerrendak legealdiko «erronka nagusien» artean kokatu ditu. Izan ere, espezialistek artatzeko itxaron behar den denbora «onargarria» izatea nahi du, eta, horretarako, plan bat prestatuko du Osasun Departamentuak, egungo itxarote zerrenden eta denboren arrazoiak eta horien aurrean hartu beharreko neurriak aztertzeko. Duela bi aste zabaldutako datuen arabera, 40.402 gaixo zeuden espezialista batekin lehen kontsulta egiteko zain abuztuan, uztailean baino %6 gehiago.
Osasun Departamentuaren zeregin nagusietako bat izango da eritasunei aurre hartzea, eta atal horretan hartu nahi dituzten neurri batzuk iragarri ditu Indurainek: besteak beste, obesitatearen aurkako programak indartzea, ariketa fisikoa sustatzea, zenbait gaixotasunen diagnostiko goiztiarra egiteko pausoak ematea eta umetoki lepoko minbizia atzemateko programa bat martxan jartzea. Indurainek ohartarazi du sexu transmisio bidezko gaitzek gora egin dutela, eta, beraz, beharrezko jo du horiek garaiz hautemateko kanpainak indartzea; genero indarkeria kasuak antzemateko protokoloei ere bultzada emateko beharra azpimarratu du.
Guztira, zortzi lehentasun eta hiru «erronka orokor» definitu ditu Indurain buru duen departamentuak; esaterako, demografia eta «zahartze aktiboa» eta osasun sistemaren iraunkortasuna. Indurainen arabera, «finantzazio egoki eta nahikoa» lortzea izango da zereginetako bat, osasun sistema «eraginkorra eta iraunkorra» izan dadin. Atal horretan, esan du «profesionalen ezinegona ulertzen» duela, eta horien lana aitortu du: «Aitortza eta esker soziala egin behar zaie, eta lan egin behar da ezinegon horren arrazoiak ahal den neurrian konpontzeko; inori ez digu mesede egiten modu kronikoan gatazkan egoteak».
Publikoa «lehentasun»
Taldeen txandan, Cristina Ibarrola Navarra Sumako parlamentariak erantzun du Indurainen proiektuak «anbizio eskasa» duela, eta kudeaketan nahiz jarreretan «aldaketak» espero ditu: «Osasungintza bezalako arlo batean, gaitasuna behar da akordioak lortzeko». Patricia Fanlo PSNko parlamentariak, berriz, balioetsi egin du lehentasunen artean jarri izana Osasunbidearen berritzea, uste baitu «atzean» geratu dela: «Fedea dugu programa akordioaren puntu guztiak gauzatzean».
Koldo Martinez Geroa Baiko parlamentariak eskua luzatu dio Induraini «adostutako programaren norabidean» doan politika oro babesteko: «Programa zabala eta anbiziotsua da». Txomin Gonzalez EH Bilduko parlamentariak, ordea, ohartarazi du indar subiranistak eskatuko duela parlamentuak ahalmena izatea Osasunbidearen eta Osasun Departamentuaren jarduera eta kudeaketa ikuskatzeko, eta sistema publikoari «erabateko lehentasuna» ematea galdegin du.
Mikel Buil Ahal Dugu-ko parlamentariak bat egin du Indurainek aurkeztutako lehentasunekin, eta gaineratu legealdirako asmoek beharrezkoa dutela «konpromiso bat» aurrekontuetan: «Baduzue gure konpromisoa». Azkenik, Marisa de Simon Ezkerrako bozeramaileak dei egin dio gobernuari «publikoaren aldeko lidergoa» izatera, eta gobernua osatzen indarrei eskatu die osasun arloko erronkak aintzat har ditzatela aurrekontuak prestatzeko orduan.