Argi mintzatu da Denis Itxaso Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkaria ETBri egin dizkion adierazpenetan: «Lehenengo fasean eskolekiko esaten den gauza bakarra da irekitzea, desinfektatzea, garbitzea eta prestatzea dela posible, baina ez eskoletako gelak ireki eta bertan haurrak sartzea». Hori «azkarregi joatea» zela-eta, printzipioz ez dago lehenengo fasearen aukeren artean. Azaldu duenez, arintze prozesuan baldintza zorrotzagoak jarri nahi badira, ez dago arazorik; bai, ordea, arintze prozesua «gehiegi azeleratu» nahi duten neurriei buruz hitz egitean. «Ikusiko dugu, bigarren fasera begira, zein diren aukerak». Hala ere, gogorarazi du «oso gutxi» falta dela ikasturtea amaitzeko.
Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak joan den ostegunean adierazi zuen maiatzaren 18tik aurrera ikastetxera itzultzen hasiko zirela hainbat mailatako ikasleak. Uriarteren hitzek, ordea, hautsak harrotu zituzten, eta sindikatuek hurrengo egunean jakinarazi zuten ez direla eskolara itzuliko, baldintzak negoziatu ezean. Atzo, berriz, Eusko Jaurlaritzak esan zuen ikastetxeek «autonomia» izango dutela itzuleraz erabakitzeko.
Gainera, institutu batzuek BERRIAri jakinarazi diote ez dutela astelehenean ateak irekitzeko asmorik. Erabakia ikastetxeen esku uzteari dagokionez, Itxasok uste du zentzuzkoena dela ahalik eta gehiena adostutako eta zehaztutako irizpide batzuk ezartzea eta beti erabakiak herritarren osasuna lehenesteko premisarekin hartzea.
Sindikatuak protestan
Atzo ohar bateratu bat kaleratu zuten ELAk, LABek, Steilasek, CCOOk eta UGTk, aurrez aurreko eskoletara itzultzeko aukera ikastetxe bakoitzaren esku uzteko erabakia «are arduragabeagoa» dela iritzita. «Hezkuntza Sailari eskatzen diogu bere ardurak bere gain hartzeko, osasuna bermatuko duten baldintzak ahalbideratzeko eta itzulera neurriak eragileokin negoziatzeko». Egoera ikusta, protesta deitu zuten gaur, 11:00etan, Bilboko Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean.
[Youtube]https://youtu.be/lO4ye9tSi7c[/Youtube]
Ikastolak ez dira astelehenean itzuliko klasera
Ikastolen Elkartearen barne dauden ikastolak ez dira astelehenean itzuliko klasera. Elkartekoek adierazi dutenez, ikasgelak aurrerago irekitzea da asmoa, segurtasun baldintza guztiak betez eta «benetan» behar duten ikasleentzat. Ikasgelara errefortzua behar duten ikasleak, hirugarren ebaluazioan klaseei behar bezala jarraitu ezin dieten ikasleak eta unibertsitatera sartzeko froga egin behar dutenak bakarrik itzuliko dira ikasgelara.