Koronabirusa

Institutu batzuek ez dituzte ateak irekiko heldu den astelehenean

Jaurlaritzak esan du eskolek «autonomia» izango dutela itzuleraz erabakitzeko. Sindikatuek diote «are eta arduragabeagoa» dela ikastetxe bakoitzaren esku uztea erabakia. Zuzendariek zalantzak dituzte

Gasteizko ikastetxe bateko ataria hutsik, artxiboko irudi batean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Arantxa Iraola - Irati Urdalleta Lete
2020ko maiatzaren 13a
00:00
Entzun
Ikasturte amaierako korapiloa askatu ezinda jarraitzen dute oraindik. Astelehenetik aurrera zenbait mailatako ikasleak ikasgeletara itzuliko zirela esan zuen aurreko ostegunean Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak. Orain, ordea, Eusko Jaurlaritzak esan du ikastetxeek «autonomia» izango dutela itzuleraz erabakitzeko.

«Eskolen autonomia»: Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko iturrien arabera, printzipio horrek ardaztuko du nola itzuliko diren ikasleak eskolara ikasturte amaiera honetan. Beharrak non dauden erreparatuta eta «irizpide pedagogikoak» aintzat hartuta erabaki ahal izango dute zer-nola jokatu. Ondoren, Hezkuntzako ikuskaritzei adierazi beharko diete zer erabaki hartu duten. Ebatz dezakete ikasle guztiek online amaitzea ikasturtea, zenbait ikasle bakarrik joatea aurrez aurreko eskoletara, edo den-denak. «Errealitate ezberdinak» daudela aintzat hartuta, hauturik onena hori dela adierazi dute.

Jokatzeko era horren berri astelehenean eman zien administrazioak Euskal Eskola Publikoaren Zuzendaritza Elkarteen Federazioko ordezkariei, eta poza adierazi zuten haiek: ikastetxeen «autonomia» aintzat hartu izana ona dela esan zuten, eskola bakoitzak ezagutzen baititu hobekien ikasleen beharrak eta eskolaren egoera.

«Autonomia» horren harira, soilik aurrez aipatutako ikasmailetako ikasleen gaineko itzulerari buruzko erabakiak hartu ahal izango dira. Gainerakoan, ikasgeletara ez bueltatzeko «osasun irizpideek» lehengoan jarraitzen dutela esan dute, eta ezin dela horietan inolako aldaketarik egin.

Gobernu Kontseilu osteko agerraldian, Josu Erkoreka Jaurlaritzako bozeramaileak adierazi zuen eskoletara aurrez aurre itzultzeko asmoa «proposamen bat» zela, ez «inposizio» bat, eta asmoa zutela hezkuntza komunitatearekin proposamen horretaz hitz egiteko. Hala ere, onartu zuen oraindik ez dutela oinarri juridikorik, alarma egoeran egonda, autonomia erkidegoen erabakiak Espainiako Gobernuaren baimena behar dutelako, eta hari eskatu dio arautu dezala «espazio autonomo» hori. Horiek horrela, Erkorekak adierazi du hezkuntza arloko adituek egokitzat jotzen dutela maila jakin batzuetako ikasleek aurrez aurreko komunikazioa izatea irakasleekin.

Sindikatuek, ordea, Jaurlaritzaren proposamena kritikatu dute, iritzita «are eta arduragabeagoa» dela ikastetxe bakoitzaren ardurapean uztea aurrez aurreko eskoletara itzultzeko erabakia. Ohar bateratua kaleratu dute ELAk, LABek, Steilasek, CCOOk eta UGTk, eta Hezkuntza Sailari eskatu diote «bere ardurak» bere gain hartzeko, osasuna bermatuko duten baldintzak ahalbidetzeko eta itzulera neurriak eragileekin negoziatzeko. Azaldu dutenez, hezkuntza eragileak ondorio komun batera iritsi dira: gaur-gaurkoz, langileen eta ikasleen osasuna bermatuz datorren maiatzaren 18tik aurrera itzulera abian jartzeko baldintzarik ez dago. Egoera salatzeko, gaur mobilizatzera deitu dute, 11:00etan, Bilboko Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean, Hezkuntza komunitatearen osasuna bermatu, neurriak negoziatu lelopean.

EH Bildu ere ez dago gustura Jaurlaritzaren jokaerarekin. Ikasturte amaierara begira egiten ari den kudeaketa «oso eskasa» dela uste du, eta «onartezina eta sinestezina», fase hori antolatzeko garaian, Hezkuntza Sailak «eskuak garbitzea» eta «berari dagokion ardura» ikastetxeen eta familien gain utzi nahi izatea. «Sekulako arduragabekeria da».

Baina neurriek eta arauek zuzen-zuzenean ikastetxeei eta haietako ikasleei eragingo diete. Jose Luis Sukia Ikastolen Elkarteko zuzendari nagusiak balorazio orokorra eta bat-batekoa «positiboa» dela esan dio BERRIAri. «Beti eskatu eta aldarrikatu dugu ikastetxeen autonomia, eta autonomiaren barruan gauza hauek hor daude». Gaur egingo dute bilera ikastola guztiekin, irizpide nagusiak zehazteko, baina ez du espero astelehenean ateak zabaltzea: «Ikastolaren bat edo beste izan daiteke, baina orokorki ez dugu ikusten aukera hori». Argi du ez dutela martxan jarriko «inolako aktibitaterik», ez badaukate «berme nahikorik» hori egiteko. Ikastoletara itzuliko direla nabarmendu du, baina ez dutela mailaka egin nahi itzulera hori, ikasleen beharren arabera baizik.

Gasteizko Armentia ikastolako zuzendaria da Agurne Barruso.BERRIAri azaldu dionez, ezingo dute astelehenean ireki. «Ez daukagu inolako informaziorik; orduan, lehenengo informazioa jaso, eta, gero, ikastetxea prestatu beharko genuke, eta hori astelehenerako ez da bideragarria». Barrusori ere egokiagoa iruditzen zaio mailaka baino gehiago, beharra daukaten ikasleentzat irekitzea ikastola.

Iñigo Salaberria Heizeko presidentea da. Astelehenean jasotakoak «positiboki» jaso dituztela ziurtatu, baina ez du zehaztu astelehenetik aurrera institutuak zabalduko dituzten ala ez. «Momentu honetan tokatzen zaiguna da ea atzo [astelehenean] hitz egindako guztia idatziz nola jasotzen den».

«Agindu ofizialaren zain» daude Zarauzko (Gipuzkoa) Lizardi institutuan ere, Arantxa Etxabe zuzendariaren hitzetan. «Beti defendatzen da ikastetxearen autonomia eta ikastetxeak erabakiak hartzea, baina gai hau ez da edozein gai», ohartarazi du. Ikusi arte zein protokolo bidaltzen duten ikastetxea ireki ahal izateko, euren planteamenduarekin jarraitzeko asmoa dutela esan du; hau da, oraingoz, online jarraitzea. Hala ere, erabakia ezin dute eurek bakarrik hartu.«Gure ikuskariaren oniritzia behar dugu, eta ikuskariek ere beharko dituzte argibide batzuk jakiteko zer egin behar duten, hau da, aginduak etorri behar dira». Ikastetxe handia izaki, itzultzeko segurtasun baldintzak bermatzeko zailtasunak ikusten ditu Etxabek: «Protokolo bat edo jarraibide batzuk irakurri gabe, nik ez dut neure burua ikusten, kasu honetan zuzendari eta zuzendaritza taldeko kide gisa, segurtasun baldintza horiek bermatzeko».

Kristau Eskolak ohar bat atera zuen astelehenean. Bertan, Hezkuntza Sailari eskatu zion, besteak beste, ikasgelak maiatzean ez zabaltzea. EHIGEren iritziz ere, ez da ikastetxeetara itzultzea planteatu behar berme juridikorik eta segurtasunik ez dagoen bitartean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.