Itxasoren iritziz, GALen jarduerak «zilegitasuna» kendu zion estatuari

Espainiako Gobernuaren ordezkariak «GAL existitu izana» gaitzetsi du, Memoria Egunaren harira antolatutako ekitaldi batean. Ohartarazi du «gorroto diskurtsoek» oraindik ere iraun egiten dutela

Denis Itxaso, Veronique Caplanne eta Nerea Barrios, atzoko ekitaldian. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU.
gotzon hermosilla
Portugalete
2022ko azaroaren 10a
00:00
Entzun
Espainiako Gobernuak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan duen ordezkaritzak aurrea hartu nahi izan dio Terrorismoaren Biktimen aldeko Memoria Egunari, eta egunaren bezperan ekitaldia antolatu du Portugaleteko udaletxean (Bizkaia). Espainiako Barne ministro izandako Jose Barrionuevok egindako adierazpenen ostean jakin-mina zegoen ordezkaritzak zer erreakzio izango zuen jakiteko, eta Espainiako Gobernuaren ordezkari Denis Itxasok aukera baliatu du «GAL existitu izana» gaitzesteko, «izugarrikeria handia izan zelako, eta estatuari kreditua eta zilegitasuna kendu zizkiolako».

Itxasok gaineratu du GALek ez zuela inoiz existitu behar, eta «nahigabea eragiten eta talioaren legea elikatzen» baino ez zuela lagundu: «Inoiz ez zen izan behar begia begi truk doktrina gaiztoaren bidezidorrik edo justifikaziorik. Demokrazia ahuldu egiten da biolentoei txanpon berarekin erantzuten dienean, eta ezin da onartu batzuen edo besteen biktimak egotea».

Ekitaldia Terrorismoaren Biktimen Oroimenerako Zentroarekin eta Portugaleteko Udalarekin batera antolatu du gobernuaren ordezkaritzak, eta, GALen inguruko aipamenak gorabehera, ETA izan da erakunde horien ordezkarien hitzaldietako jomuga ia bakar. Portugaleteko alkate Mikel Torresek esan du «ETAren terrorismoaren porrota askatasunaren, demokraziaren eta zuzenbide estatuaren garaipena» dela. Biktimen Oroimenerako Zentroko zuzendari Florencio Dominguezek, berriz, esan du ETA garaitua izan zela, «baina hark utzitako ondorioek» irauten dutela oraindik.

Dominguezek eta Itxasok kezka azaldu dute indarkeriaren auziak etorkizunean izan dezakeen bilakaeraz. Dominguezek esan du oraindik ere «terrorismoa justifikatzen duen jende gehiegi» dagoela: «Horrek ekar lezake etorkizuneko indarkeria ere justifikatzea». Itxasok, berriz, erantsi du «gorroto diskurtsoek» bere horretan dirautela, eta horien arriskuez ohartarazi du. PPren inguruko zenbait gaztek salatutako erasoak, pintaketak eta «txio beldurgarriak» aipatu ditu horren adierazgarri: «Horrelako keinuak egiten dituztenek ez dute jada heriotza fisikoa bilatzen, baizik eta etsaiaren heriotza zibila, presioaz eta seinalamenduaz».

Biktimen testigantzak

Hiru biktimak ere hitz egin dute ekitaldian: ETAk 1988ko irailean hildako Jose Luis Barrios ostalariaren alaba Nerea Barriosek, Celso Recio guardia zibilak haren aita Guardia Zibilaren kaboa zen, eta ETAk 1985ean hil zuen eta Veronique Caplannek, GALek 1985ean hildako Robert Caplanneren alabak.

Barriosek 15 urte zituen ETAk aita hil zionean. Aitortu duenez, «gorrotoa» zen orduan gailendu zitzaion sentimendua: aitaren hilketagatik, eta hura justifikatzen zuten esamesengatik. «Orain, berriz, gorrotoak lekurik ez duen mezu bat helarazi nahiko nuke; gorrotoaren bidez ezin da ezer eraiki», azaldu du.

Hiru eskaera egin ditu Barriosek: «Ez dadila inoiz berriro gertatu, gertatutakoa ez dezala inork justifikatu, eta inork ez gaitzala biktimok erabili». «Gorrotoa» elikatzen duten diskurtsoen kontra mintzatu da: «10 urte igaro dira, eta oraindik telebistan ibiltzen dira proetarra berbarekin gora eta behera. Biktimok ez dugu horrelako gorroto diskurtsorik behar. Behar dugun bakarra da gizarteak noizean behin esatea: 'ulertzen zaituztegu'».

Recio ere nerabea zen ETAk aita hil zionean. Esan duenez, aita hil ostean familiak Euskal Herritik alde egin zuen, eta arrangura azaldu du, delituak jada preskribatu duelako: «Hiltzailea zigorrik gabe gelditu da».

Robert Capplanne GALek hil zuen 1985ean, ETAko kide bat zelakoan. Haren alaba Veroniquek esan duenez, aita Frantziako Errepublikaren aldekoa zen, eta «harro» zegoen frantses izateaz. «Lehenengo atentatuak izan zirenean, nik ez nekien zer gertatzen zen, eta horiek euskaldunen arteko kontuak zirela esaten zidaten», azaldu du, eta deitoratu du: «Harrigarria da ustez gu babesteko eginkizuna zeukan Poliziak aita hil izana».

«Inpunitatearen» salaketa

Memoria Egunaren karietara, Ahal Dugu-k adierazi du bere egiten duela biktima guztien «min bidegabe eta justifikaezina», eta «estatu terrorismoak» duen «inpunitatea» salatu du.

Ahal Dugu-ren ustez, «estatuaren krimenen zigorgabetasun ereduak» ekarri du «segurtasun juridikorik eza eta biktimak iraintzea». «Biktima horien bigarren biktimizazioa guztiz bidegabea da», azaldu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.