Muret Seysses espetxean (Frantzia) dauden Itziar Moreno eta Oihana Garmendia euskal presoak gose greba bat burutzen ari dira astelehenetik, Etxerat elkarteak jakinarazi duenez. Espetxea haiekiko izaten ari den jarrera salatu nahi dute.
Astelehenean, Morenok eztabaida bat izan zuen funtzionario batekin, eta funtzionarioak bultzatu eta lurrera bota zuen. Eskuburdinekin eta "oso modu txarrean" zigor ziegara eraman zuten Moreno, Etxerat-en arabera. Gaur, berriz, goizean medikura eramateko bere bila joan direnean, funtzionarioei komuneko paperik ez zegoela eta ekartzeko eskatzean, funtzionarioek ezezkoa eman diote. Berriro ere zigor ziegara eraman dute.
Etxerat-ek salatu du Morenok eta Garmendiak "aspalditik" bizi dutela halako egoera espetxe horretan eta funtzionarioek beraiekiko duten jarrera "lotsagarria" dela.