Itziar Morenori eraso egin diote zaindariek, Etxerat-ek salatu duenez

Presoari ostikadak eman eta ubeldurak sorrarazteaz gain, bakartze ziegan zigortu dute funtzionarioek

Erredakzioa
2012ko otsailaren 17a
00:00
Entzun
Dijoneko espetxean dagoen Itziar Moreno preso bilbotarrari eraso egin diote espetxeko zaindariek, Etxeratek jakinarazi duenez. Joan den otsailaren 6an, lurretik arrastaka eraman zuten, ostikadak eman zizkioten, hainbat ubeldura sorrarazi, eta gorputza minduta utzi zioten.

Itziar Moreno presoak gimnasiora joateko baimena lortu zuen, baina egun hartan patiotik gimnasiora abiatu zenean, bi funtzionariok oztopatu zioten bidea, gimnasiora ezin izango zuela joan esanez. Arduradunaren presentzia eskatu zuen presoak, bainahorrek berretsi zion debekua. Hori ikusirik, presoa lurrean eseri zen, protesta moduan. Orduan gertatu zen erasoa. Zaindariek hanketatik heldu zioten presoari, arrastaka eraman zuten, eta ostikadak eman zizkioten. «Ondorioz, presoak ubeldurak ditu, eta gorputza minduta. Gertaera horrengatik funtzionarioek jaso beharrean ziorra, Morenok jaso du. Izan ere, 30 egunetarako zigor ziegara eraman dute», azaldu du Etxeratek prentsa ohar baten bidez.

Espetxe berean beste euskal preso bat dago, Oihana Garmendia, baina ezin dute harramenik izan, beti bakartuta edukitzen baitituzte. Oihana Garmendia bere ziegan konfinatuta daukate, eta egunean ordubetez bakarrik irten ahal da patiora.

Etxeraten ustez, «gertaera hau larria da. Morenok eta Garmendiak egoera latza bizi dute Dijoneko espetxean». Urtarrilean bi presoek gose greba egin zuten espetxez aldatzea eskatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.