Iurrebasok berretsi du negoziazioetan Espainiak ez zuela bete hitzemandakoa

2007an atxilotu zuten Iurrebaso, ETAko negoziazio taldeko kide zela, eta atzo hasi ziren epaitzen, beste lau lagunekin bateraGatazkak konponbide politikoa behar duela aldarrikatu dute epaituek Parisko auzitegian

Auzitegiaren aurrean elkarretaratzea egin zuten atzo hainbat lagunek. BERRIA.
Agentziak
Paris
2011ko irailaren 1a
00:00
Entzun
2006an hasi eta 2007an jarraitu zuten negoziazio aldirako, gutxieneko batzuk hitzartu zituzten Espainiako Gobernuak eta ETAk, erakunde armatuaren bertsioaren arabera. Gutxieneko horiek Espainiako Gobernuak ez zituela bete berretsi zuen atzo Juan Carlos Iurrebaso ustezko etakideak. Haren eta beste bost ustezko etakideren epaiketa hasi zen atzo, Parisen. Gaur auzi saioak egin ostean, epaiketa bihar amaitzea espero da. «Talde terroristako kide» izatea egozten die prokuradoreak, besteak beste. Iurrebaso bere kabuz joan zen auzitegira, iazko irailetik aske baitago, bere osasunagatik.

Iurrebasok epaiketan berretsi egin zuen 2007an atxilotu zutenean ETAren negoziazio taldeko kide zela, Espainiako Gobernuarekin negoziazio betean zeudela orduan, eta hitzartuta zeukatela negoziazio garaian atxiloketarik ez egitea. Frantziako Poliziak kontrolen batean-edo negoziazio taldekoak atxilotzen bazituen libre utziko zituztela ere hitzartua zuten, Iurrebasoren arabera. Haren hitzetan, Espainiako Gobernuko ordezkariek jakinarazi zieten Frantziarekin hitzartuta zeukatela atxiloketak baleude libre uztea. Iurrebasoren arabera, Kepa Mirena Suarezekin batera atxilotu zutenean horregatik zeuzkaten Espainiako eta Frantziako polizietako bina goi kargudunen telefono zenbakiak. Atzoko auzi saioan, epaileak berretsi egin zuen telefono horien gainean egindako ikerketek argitu zutela zenbakiak Espainiako eta Frantziako Barne ministerioetakoak zirela.

Telefonoak telefono eta akordioak akordio, Iurrebaso eta Suarez ez zituzten libre utzi. Ordurako bide okerra hartua zuten negoziazioek, ETAk Madrilgo Barajas aireportuko T4aren kontrako atentatua egina baitzuen, Espainiako Gobernuari prozesua «blokeatzea» eta oztopoak jartzea egotzita. «Gerra eta errepresio dinamikak indargabetzeko konpromisoa» ez betetzea ere egotzi zion.

«Bai» bakar batekin berretsi zituen hitzok Iurrebasok atzo. Izan ere, berak hala eskatuta gaur deklaratuko duen arren, atxilotu zutenean Laurence Le Vert epailearen aurrean egindako deklarazioa irakurri zion Jacqueline Rebeyrotte epaimahaiburuak atzo, eta orduan esandakoa berresten al duen galdetu zion.

Iurrebaso eta Suarez errepideko kontrol batean atxilotu zituzten, Perigueuxen (Frantzia). Zeramaten autoan eta bizi ziren etxebizitzan topatutako hatz marketatik tiraka, bi horiek ez ezik Igor Suberbiola, Jon Salaberria, Aitor Elizaran eta Iratxe Sorzabal epaitzen hasi ziren atzo Parisen —azken hori auzi ihesean, sasian baitago—. Salaberria eta Suberbiola 2008ko maiatzean atxilotu zituzten, Jabier Lopez Peñarekin batera. Lopez Peña ETAko buruzagi politikotzat jotzen dute. Elizaran, berriz, 2009ko urrian atxilotu zuten, Bretainian.

Epaituek hitza hartu zuten atzo. Guztiek esan zuten ETAko militanteak direla eta ez dutela onartzen epaiketa egiten ari den auzitegia. Gatazkaren irtenbide politikoaren aldeko hitzak ere izan zituzten, eta azpimarratu zuten gatazka politiko batek ezin duela izan bestelako irtenbiderik.

T4koaren ostean negoziatzen

Iurrebasok atzo berretsi zuenPSOEko gobernuak erakunde armatuarekin negoziatzen jarraitu zuela 2006ko abenduaren 30ean ETAk Madrilgo Barajas aireportuan lehergailua jarri eta bi lagun hil ostean, Espainiako Gobernuak kontrakoa esan arren.

Atxilotu zutenean Le Vert epailearen aurrean egin zituen deklarazioetan, argitu zuen Frantziako Gobernuaren ordezkaritzarik ez zegoela erakunde armatua eta Espainiako Gobernua egiten ari ziren negoziazio horietan. Nolanahi ere, agintari frantsesak gertaeren jakitun zirela gaineratu zuen; jakin bazekitela eta haiek ere onartu zutela negoziazio taldeko kideak atxilotuz gero aske utzi behar zituztela.

Epaiketa salatzeko, elkarretaratzea egin zuten atzo Parisenhainbat lagunek. Bi pankarta zabaldu zituzten: euskal presoak Euskal Herriratzeko eskatzen zuena bat, eta autodeterminazioa galdegiten zuena bestea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.