Donostiako alkate Juan Karlos Izagirrek atzo ziurtatu zuen Bilduk argi daukala biktima guztien ezagutzaren eta adiskidetzearen alde egindako apustua, eta esan zuen konbentzituta dagoela azkenean denek biktima guztiak omenduko dituztela. Hala ere, onartu zuen horrek denbora emango duela, «aurretik zauriak itxi behar direlako».
«Konbentzituta nago azkenean guztiok omenduko ditugula biktima guztiak, kolore guztietakoak», ziurtatu zuen. «Denbora beharko da, irekitako zauriak ez direlako itxiko egun batetik bestera, baina bide horretara zuzendu ditugu egiten ari garen urratsak», gaineratu zuen Izagirrek Radio Euskadi irratian.
Bilduren inguruan mesfidantza izatea onartzen duen arren, koalizioari egin zaizkion «kritika iraingarriak» ez dituela onartzen esan zuen, eta denbora eskatu zuen Bilduk hasitako bidea ikusarazteko: «Hasi dugun bideak ez du atzera bueltarik, eta bide horren helmugan, denok, naturaltasun osoz, elkarrekin bizi ahalko gara, mesfidantza batzuekin, denbora beharko delako, baina biktima guztiak eta kolore guztiak omenduz».
Normalizazioaren apustua
Bilduk bultzatu nahi duen normalizazio politikoaren prozesuaz ere mintzatu zen Izagirre. «Bilduk normalizazioaren aldeko apustua egin du, eta naturaltasun osoz ikus dadin Bildu agintzen ari dela agintzen ari den lekuan, eta, gainera, esfortzu serioak egiten ari dela, normalizazio prozesu horrek aurrera egin dezan eta adiskidetzea lor dadin», esan zuen Donostiako alkateak. «Ikusi nahi duenak ikusten du, eta ikusi nahi ez duenak, Basagoitiren moduan, ez du ikusten», erantsi zuen.
EAEko PPren buruaren jokabidea deitoratu zuen Izagirrek, eta Basagoitiri «eta haren inguruan dauden beste batzuei» eskatu die baikorragoak izan daitezen. «Beraiek jakingo dute, azaroaren 20an irabazten edo galtzen badute, zer egin beharko duten, baina herri honek normalizaziorako apustua egin du, eta badaki ez duela bueltarik, eta goiz edo berandu, herri honek etorkizuna erabakitzeko eskubidea edukiko duela».
Izagirre: «Denok omenduko ditugu biktima guztiak»
Donostiako alkateak denbora eskatu du, «irekitako zauriak ez direlako itxiko egun batetik bestera»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu