«Maite nuelako eta maiteminduta nengoelako jasaten nuen hori guztia». Izaskun Jimenez Borjak 2004ko uztailaren 5ean salatu zuen bere senarra lehen aldiz. Ordurako ia bi hamarkada zeramatzaten elkarrekin, eta bi alaba eta seme bat zituzten. Hainbeste urtean jasandako tratuen berri ematera ausartu zen halako batean. Ez zen aski izan; 2009an andrea hil zuen senarrak, Jesus Francisco Jimenez Jimenezek. 44 urte zituen andreak.
Ikusi gehiago
Espainiako Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak indarkeria matxistaren hamazazpi biktimen istorioak bildu eta aurkeztu zituen 2010ean, eta horien artean zegoen Izaskun Jimenez bizitza eta hilketaren istorioa. Bilduma horretan agertzen da emakumeak 2004an Lodosako (Nafarroa) gizarte zerbitzuetan aurkeztu zuen testigantzaren laburpena: «Deskribatu zituen pasadizoak, eskobaren giderra hautsi arte kolpatzen zuela, zigor baten erabilera, makilekin kolpatzea, ukabilkadak, bultzakadak, lurretik arrastaka erabiltzea, estufaren kakoarekin jotzea eta burua irekitzea, begi ubelduak, ezpain hautsiak, hanka ubelduak, irain etengabeak, umiliazioak, mehatxuak eta bestelako indarkeriak, umeen aurrean eta baita jendearen eta senideen aurrean ere, baita umeak kolpatzea ere».
Emakumeak ez zekien nola, errudun sentitzen zen, baina senarra salatzeko urratsa egin zuen 2004ko uztail hartan. Alaba zaharrenak salaketa berretsi, eta berarentzat eta bere anai-arrebentzat babesa eskatu zuen. Izaskun Jimenezek ere bai, babesa eta senarra urruntzeko aginduak eskatu zituen. Atxilotu zuten gizona. «Inoiz ez dut emaztea jo, maite dudalako», esan zien poliziei. Handik egun batzuetara askatu zuten, emaztearengandik urruntzeko agindua ezarrita.
2004ko abuztuaren 2an, hilabete eskas geroago, Izaskun Jimenezek uko egin zion senarraren kontrako ekinbide judizialei. Artxibatzeko eskatu zuen. Alaba batek ere atzera egin zuen. Auzibideak jarraitu egin zuen hala ere, ofizioz, eta 2006ko maiatzean gizona zigortu zuten tratu txarrengatik. Alaba batengandik urruntzeko eta isun batzuk ordaintzeko betebeharra jarri zioten. Gizonak ez zituen isunak ordaindu.
Familia ez zen bereizi. Bizkaira joan ziren bizitzera. Busturiara aurrena, eta Gernika-Lumora ondoren. Barrenkalen jarri ziren. Bizilekua aldatu zen, baina familiaren bizimodua ez, eta gizonaren bortizkeria ere ez. 2009ko martxoaren 23an emaztea hil zuen senarrak, lehen salaketa hura jarri eta ia bost urtera. Gizonak labana batekin hil zuen emakumea, eta alaba bat zauritu zuen. Seme bat ere etxean zegoen momentu hartan, eta antza, hark eskatu zuen laguntza, kalera aterata. 23:15 inguru ziren. Larrialdi zerbitzuek ezin izan zuten Izaskun Jimenez bizirik atxiki. Alaba, berriz, Gurutzetako ospitalera eraman zuten.
Gizona kalean atxilotu zuten, labana oraindik eskuetan zuela. Epailearen aurrera eraman zutenean, hilketa aitortu zuen, eta ez zuen damurik agertu: «Hau gertatzen da emakume bat gizon baten gainetik pasatzen saiatzen denean».