Izozmendiaren azpian

Imanol Murua Uria.
2010eko azaroaren 13a
00:00
Entzun
Azaroak 7. Pitxer txinatarra

Felipe Gonzalezek aspaldi esana da gobernu presidente ohiak pitxer txinatarrak bezalakoak direla. Ezertarako ez dute balio, inork ez daki non jarri eta, azkenean, jartzen dituzun lekuan jartzen dituzula, enbarazu egiten dute. Galdetu bestela Mariano Raxoiri.

Txoratzen egongo dira Jose Luis Rodriguez Zapatero, Alfredo Perez Rubalcaba eta Ramon Jauregi ere, traba gehien egiten duen lekuan agertu berria zaien pitxerrarekin. Latzak esan baititu Gonzalezek, inork galdetu gabe. Espainiako Kongresuaren osoko bilkura batean GALi buruz ari zirela «ez da frogarik, ezta izango ere» esan zuen berak, garai hartan izan zuen erantzukizuna ezkutatzeko arrazoirik ez duela erabaki du. Zergatik orain, zergatik horrela, misterioa da oraingoz.

ETAko zuzendaritzako kideak garbitzeko aukera mahai gainean izan zuela aitortu duen elkarrizketa berean, memoria politikoak idazteko asmorik ez duela esan du. Arrazoien artean, goi politikako gorabeheren %80 ezin kontatuzkoak direla, ezkutuan gelditzen direla, izozmendietan bezala. Eta zergatik dago kontatu daitekeen %20 horren barruan ETAko buruei bizia barkatu zienekoa, edo Jose Barrionuevok Segundo Mareyri barkatu zionekoa? Ezetz erantzun zutelako. Baiezkoak, sakon-sakonean daude, urpean.

Gabonak

Alderdiaren ildo nagusiarekin guztiz bat ez datozen adierazpenak ez egitea da politikari profesional baten aurrenetako ikasgaia. Pentsatzen dena ez esaten ikasten da, pentsatzen dena politikoki zuzena ez bada. Horregatik, eskertzekoak dira Jesus Egigurenek tarteka esan ohi dituenak, alderdi barruko paper banaketak gorabehera, benetan pentsatzen duena esaten ari dela ezagun baitu batzuetan. Adibidez, igandean La Sexta katean.

ETAk Gabonak baino lehen indarkeria albo batera utzi duela jakinaraziko duela esan izanak izan du oihartzun handiena, oro har, eta Josu Urrutikoetxearekin batera bazkaldu edo afaldu izan zuela, Espainiako hedabide jakin batzuetan. Baina gehiago ere esan zuen: Eusko Jaurlaritzari eta Espainiako Gobernuari beste jarrera bat eskatu zien; esate baterako, presoak gerturatzea proposatu zuen. Amore ematetzat ez ote litzatekeen hartuko galdetu kazetariak, eta berak: «Horrelakoa da Espainia».

Handik eta hemendik jasotako egurrak adierazten du zer-nolako presioa egingo duten hainbat sektorek, alderdi sozialista milimetro bakar bat ere mugi ez dadin. Eta Patxi Lopezek jendaurrean agertutako babesak, bakar-bakarrik ere ez dagoela, eta Egigurenen arrastoari inoiz jarraituko dion esperantza egon daitekeela, hain urrunekoak ez diren garaietan egin zuten bezala.

Azaroak 11. Menpekotasuna

Argazkia osatzeko, ordea, PSE-PP itunaren jarraipen batzordearen bileraren irudiari erreparatu beharra dago: lau gizon eta emakume bat alde batean, beste lau gizon eta beste emakume bat beste aldean, PSE-EEren eta PPren arteko gobernu akordioak osasun ona duela berresteko, Egigurenen adierazpenak adierazpen. Errealitatea, orain, irudi hori da: alderdi sozialista irtenbide polizialaren bidetik ateratzen baldin bada Patxi Lopezek Jaurlaritzan irauteko derrigorrezkoa duen babesa kendu egingo diola mehatxu egiten dion alderdiarekiko menpekotasuna. ETArik gabeko garaian etorkizunik ez duen argazkia, baina iraungitze data jakinik ez duena oraingoz.

Azaroak 12. Anoeta berriro

Espero baino mami gutxiago izan du azkenean Anoetako adierazpenari buruzko epaiketak. Auzi saioei kutsu politikoa kentzen ahalegindu da, alferrik, epailea, eta ez auzipetuei ez lekukoei ez die utzi Anoetako adierazpenaren mamiaz eta testuinguruaz jarduten. Izandako aukera urriak baliatu ditu, hala ere, Arnaldo Otegik: «Proiektu politiko bat inposatzeko indarkeria erabiltzea arbuiatzen dugu». Sei urte geroago, Anoetako proposamenaren izpiritua indarrean dela gogorarazi beharrean da, hain zuzen ere sei urteko tarte horretan beti ez zelako indarrean izan.

Nazioartekoen lana

Nazioarteko Harreman Taldeak zer egiteko izango dituen azaldu du Brian Currinek, eta egitekoen artean ez du su-etenaren egiaztatze funtziorik aipatu. Bruselako Adierazpenak ETAri su-eten egiaztagarria eskatu zionez, eta Espainiako Gobernuak su-eten konturik entzun ere nahi ez omen duenez, egiaztatze prozesua nazioarteko pertsonalitate horien ardura izango zela pentsa zitekeen. Espainiako Gobernuaren esku utzi dute, ordea, egiteko hori. Eta su-etenaren ostean alderdien arteko elkarrizketak bultzatzea hartu du egiteko nagusitzat, PSE-EEk eta EAJk errezeloak agertu dituzten arren horri buruz. Izozmendiaren puntan ikusten den %20 horrek ez du interpretazio askorako ematen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.