Koronabirusa

Izurriaren aurkako neurriak hartzeko bermeen eskea egin du berriz Urkulluk

Esan du egungo zalantzei ezin zaiela erantzun «ezerezarekin». Madrilek alarma egoera luzatzeko era ikusten duela azaldu du Txibitek

Ertzainen kontrola Donostiako irteera batean. GORKA RUBIO / FOKU.
arantxa iraola
2021eko apirilaren 17a
00:00
Entzun
Berriro eskatu zuen atzo Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkulluk maiatzaren 9tik aurrera ere alarma egoera indarrean mantentzeko. Espainiako Gobernuko presidente Pedro Sanchezek adierazia du bertan behera uzteko asmoa, baina horren kontra ari dira gobernu autonomikoetako ordezkari asko, eta ildo horretan mintzo da Urkullu ere. Atzo, Eusko Legebiltzarrean egindako adierazpenetan adierazi zuen egun dagoen egoerari ezin zaiola «ezerezarekin» erantzun.

Urkulluk jakinarazi zuen, hala ere, zer gerta ere, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan COVID-19aren aurkako neurriak ezartzen dituen Labi kontseiluaren batzorde teknikoari esan diola prestatzeko egungo babes juridikotik kanpo hainbat neurri, eta horiekin dekretu bat antolatzea litzatekeela asmoa, baldin eta azkenean Madrilek ebazten badu alarma egoera ez luzatzea. Argi utzi zuen, hala ere, alarma egoerak ematen duena dela hartzen diren neurriek «berme juridiko eta operatiboa» izateko esparrua, eta gogora ekarri zuen Jaurlaritzak ezarritako hainbat neurri atzera bota dituela gero justiziak, eta antzeko arazo gehiago izatearen kezka dutela. Osasun publikorako neurri berezien legea 1986koa dela gogoratu zuen, eta lege horretan aldaketak egiten ez diren bitartean, alarma egoerarik gabe herren ibiliko direla neurriak hartzeko.

Mugikortasuna mugatzeko neurriak eraginkorrak direla esan du, eta etorkizunean ere halakoak beharko direla. Horixe berretsi zuen Eusko Jaurlaritzako eledun Bingen Zupiriak ere. Propio halako erabakiak hartzeko lege proiektu bat indarrean jarri nahi dutela esan zuen, baina oraindik ez dela onartu, eta bitartean alarma egoerarik gabe neurriak hartzeko aukera «estua eta meharra» dela Jaurlaritzarentzat. EH Bilduk ere adierazia du gai honen harira kezka, eta Eusko Legebiltzarreko zerbitzu juridikoei txosten bat eskatu die gaia aztertzeko.

Nafarroako Gobernuko presidente Maria Txibitek, berriz, esan zuen uste duela alarma egoera maiatzaren 9aren ostean ere luzatuko dela automomia erkidego guztiek horren aldeko eskea egiten badute. Onartu zuenerakunde autonomikoei horrek ematen diela erabakiak hartzeko orduan «babes juridikorik» handiena. Nolanahi ere, adierazi zuen ulertzen dituela Sanchezek alarma egoera ez luzatzeko dituen errezeloak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.