«Agerikoa da COVID-19aren pandemiak inpaktu zuzena izan duela, izaten ari dela eta izango duela herritarren osasun emozional zein mentalean». Maria Garde EH Bilduko legebiltzarkidearenak dira hitzak, gaur goizean legebiltzarrean izandako agerraldian esanak. Hain zuzen ere, EH Bilduk iragarri du koalizioak eske bat eginen diola Eusko Jaurlaritzari osteguneko osoko bilkuran: izurriteak buru osasunean izandako eraginari buruzko diagnostiko «zabal eta sakon bat» egin dezala galdegin dute, «alorreko eragile eta profesionalen eskutik». Garderen esanetan, ondorioak xehetasunez ikertzea «ezinbestekoa» da osasun sistemak egokitzeko urratsak egiteko; horretarako neurriak har daitezela eskatu du EH Bilduk.
Koalizio abertzaleak eskatuta, Osasun Sailak argitara atera ditu azken urteotan Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan izandako suizidio kasuen gaineko datuak. Emandako informazioaren arabera, 2020an 187 suizidio kasu izan ziren hiru herrialde horietan. Lurraldeka, Bizkaian 100 pertsonak egin zuten beren buruaz beste; Gipuzkoan, 59k, eta Araban, berriz, 28k. Gorakada bistakoa dela ohartarazi du EH Bilduk, 2019an 147 kasu izan baitziren hiru herrialde horietan. Gainera, koalizioak zehaztu du Osasun Mentaleko kontsultetara jo duten lagunen kopuruak ia %13 egin zuela gora 2019tik 2020ra.
Hala, EH Bilduk kritikatu du Osakidetzaren aurrekontua eta erabiltzen den baliabide kopurua ez direla behar bezala egokitu egoeraren larritasunera. «Datu ofizialen arabera, azken hamarkadan Osasun Mentalak pisua galdu du osasungintzako aurrekontuetan. Zehazki, %10 egin du behera Osasun Sailak Osasun Mentalari bideratzen dion aurrekontuaren portzentajeak», adierazi du Gardek.