Jabe iruzurgile batek 1.500 euro itzuli behar izan dizkio maizter bati, Aldak eskatuta

Alda elkarteak ekintza bat egin du jabe baten enpresaren aitzinean, goizean, eta alokatzaileari zor zion dirua itzuli dion arte ez dira joan handik.

ALDAren ekintza
Aldaren ekintza, goizean, Miarritzen. GUILLAUME FAUVEAU
Oihana Teyseyre Koskarat.
2023ko abenduaren 14a
16:30
Entzun

Etxejabe iruzurgileen atzetik ibiltzen da Alda elkartea, alokatzaileen eskubideak defendatzen. Beste kasu baten berri eman dute goiz honetan, Miarritzen (Lapurdi). Jabearen enpresaren aitzinean egin dute ekintza, eta alokatzaileari zor zizkion 1.500 euroak itzuli arte ez dira joan handik.

Jabeak gehiegizko bermea galdetu zion haren etxea alokatzen zion maizterrari kontratua egiterakoan. Alta, jabeak ez du eskubiderik alokairua baino garestiago den berme baten eskatzeko. Kasu honetan, 740 eurokoa zen alokairua —etxebizitza eta aparkatzeko lekua barne—. Gehiago dena: jabea promotorea da, eta AFC Promotion enpresaren burua. «Etxebizitzaren gaia ederki menperatzen du; beraz, zailtasunak ditugu sinesteko nahi gabe edo ezjakintasunagatik egin duela iruzur», erran du Aldak.

Alokatzaileak etxea utzi zuenean, jabeak ez zion bermea itzuli nahi izan, eraikineko sindikuaren deiaren beha zelakoan, karguak pagarazteko. Afera da haren kontratuak ez zuela jasotzen karguen erregularizazioa. Dena den, hala balitz ere, bermearen %20 baizik ez luke atxikitzen ahalko jabeak. Hortaz, zor zion dirua berehala itzultzeko eskatu diote jabeari, eta Alda elkartekoen eskaera entzun eta berehala itzuli dio zorra.

Gainera, jabe horrek bestelako iruzur bat egin duela salatu Aldak. Izan ere, lehen alokatzailea joan ondotik, beste alokatzaile bat hartu du, eta hari 1.050 euroko alokairua ezarri dio, aurrekoa baino 310 euro garestiago. Baina, Miarritze tentsio handiko eremuan kokatua denez, alokairuen prezioa mugatua da: jabeek ezin dute nahi bezainbat emendatu alokairua kontratu batetik bestera. Hari ere gehiegizko berme bat galdetu dio, 2.100 eurokoa. Aldak hitzemanarazi dio egoera erregulatuko duela, eta adierazi du heldu den asterako hala egiten ez badu beste ekintza bat eginen duela egoera salatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.