Egoeraren berri badaukate Nafarroan, eta beste urrats batzuk egiten hasi dira orain. Elizak milatik gora ondasun bere izenean dauzkala jakinda, «presio egiten» ari dira. «Ondarea erortzen ari da leku askotan. Elizak ez du konpontzen; herriak egin dezan nahi du. Udalek badute modua lanak egitera behartzeko, eta, egiten ez badu, isuna jartzeko». Jose Mari Esparza Nafarroako Ondarearen Defentsarako Plataformako kideak mahai gainean jarritakoa hasi dira egiten. Lezoko Udalak 45.000 euroko isuna jarri dio Elizari hiru eliza ez konpontzeagatik. Proposamen bat egin dio hark herriko etxeari orain: isuna barkatzeko, prest dago jabetzari uko egiteko. Lehenbiziko kasua da Nafarroan.
Horrelako soka sortuko zenik gutxi esperoko zuen Esparzak berak, 2007an Tafallako Jabetzaren Erregistrora joan zenean. Hark jo baitzuen alarma. «Tafallako historia idatzi nuen, eta zalantza sortu zitzaidan, nola geratu ote zen elizaren jabetzaren auzia. Erregistrora jo nuen galdera egitera».
Eliza azkarrago ibili zen. «Sei hilabete aurretik zeukaten erregistratuta Tafallako eliza». Inguruko herrietako parrokiei buruz galdetu, eta berdin. «Prentsara jotzea erabaki nuen». Eskandalu monumentala izeneko artikulua kaleratu zuen, besteak beste, BERRIAn. Orduan zabaldu zen auzia.
Nafarroako Parlamentuak eskatu zuen informazio xehatua, eta artzapezpikuaren jarduna azaleratu. «Isilik aritu da Eliza, ez publikoki. Ondasunak erregistratzeko, jendaurrean jarri behar dute eskaria beste guztiek; Elizak, ez», salatu du Esparzak. Informazioa biltzen segitzea da taldearen xedea. «Ez da Nafarroako arazoa soilik; leku guztietan egin dute. Ez dakit zergatik inork ez duen deus esaten beste herrialdeetan».
Isiltasuna izan da Iruñeko eta Tuterako Artzapezpikutzaren estrategia. Aldian-aldian erantzun du, argudio berberak emanez: elizak bereak dituela «aspaldi-aspalditik» eta legezkoa dela bere izenean jartzea. BERRIA orain bi hilabete jarri zen harremanetan gotzaindegiarekin, elkarrizketa bat eskatzeko; oraindik ez du «denborarik» izan eskariari erantzuteko.
Gero eta babes handiagoa
Plataformak indarra hartzen jarraitzen du bitartean. «Sekulako erabakiak eta onarpenak ari dira izaten», nabarmendu du Esparzak. Alor politikoan, ehun udalek baino gehiagok bat egin dute Elizaren jardunari aurre egiteko; Zangozako eta Tafallako herriko etxeak batu dira azkeneko. Babesa auzitegietan ere beharko dute, nolanahi ere. «Gobernuek eta parlamentuek jarrera aldatzen badute, epaileak ere hasiko dira. Uholdea sortzea da kontua», dio plataformako kideak. Mugimenduak gero eta babes handiagoa du herritarren aldetik: «Lortu dugu garrantzitsuena: gizartea gure alde jartzea. Elizari inork ez dio zuritzen aurpegia, kristauek ere ez».
Jabetza bai, gastua ez
Nafarroan mila ondasun baino gehiago jarri ditu bere izenean Elizak. Uko egin die orain batzuei, egoera txarrean daudelako isunak jarri dizkiote eta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu