Alokairua da etxebizitzaren merkatuaren hurrengo erronka. Betiko erronka. Etxebizitzaren jabetzarekin, azken hamarkadetan gehien sustatu den aukerarekin, lehian dagoen aukera. Espainiako Gobernua izan da gaiari heldu dion azken erakunde publikoa. Alokairuaren merkatua biziberritzeko eta malgutzeko lege egitasmo bat bidali du Espainiako Kongresura. «Sektorea indartzeko». Eta indartzeko beharra du sektoreak, datuak ikusita. Hego Euskal Herrian, etxebizitzen %7 eta %10 artean daude alokairuan, probintziaren arabera, Suitzako %57 eta Alemaniako %46,8 horietatik oso urrun. Espainian, alokairura etxebizitza guztien %17 bideratzen dira.
Alokairuak Europako hainbat herrialdetan duen indarraren aurrean, Hego Euskal Herriko datuak deigarriak dira. 2008koak dira sektoreari buruzko azken datu ofizialak; haien arabera, Nafarroako etxebizitzen %7,1 eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoakoen %7,3 bideratzen dira alokairura. Are datu eskasagoak jakinarazi zituen Eusko Jaurlaritzak 2008ko etxebizitza beharrari eta eskariari buruzko inkestan: ehun etxetik bost baino ez zeuden alokairuan. Nafarroan, berriz, alokairua gaur egun %10 ingurura heldu dela uste du bertako gobernuak.
Datu gaurkotuagorik ez dagoen arren, alokairu merkeen eskaria gora doala sumatu dute instituzioek. Babes ofizialeko etxebizitza erosteko zerrendak txikitu dira, eta alokairu sozialekoak, berriz, handitu egin dira. Nafarroan 6.700 pertsona daude babes ofizialeko alokairuko etxebizitza bat izateko zerrendan. Ordea, etxebizitza bat erosteko zerrendetan daudenak horien laurdena inguru dira; martxoan 1.411 ziren etxebizitza babestu bat erosi nahi zutenak. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ere egoera bera dute. 21.000 euro baino gutxiagoko irabaziak izan eta alokairu sozialaren zain dauden pertsonak %40 ugaritu dira 2007tik.
Alokairuaren eskaria handitu arren, batez ere errenta apalenen artean, eskaintzak ez dio bide berari jarraitu. Instituzioek helburu hori babes ofizialeko etxebizitzen bidez bermatzeko nahia agertu badute ere, gaur-gaurkoz inbertsio handiegia behar dute hori egiteko. Anai Astiz Nafarroako Etxebizitza kontseilari ohiaren arabera, alokairurako etxebizitza bakoitzak 160.000 euroko kostua du, eta inbertsioa berreskuratu arte 25 urte igarotzen dira. Hori dela eta, ohikoagoak dira jabetzarako eskainitako babes ofizialeko etxebizitzak. Adibidez, irailaren 17an 174 etxebizitza zozkatu zituen Nafarroako Gobernuak; hamazazpi alokairurako ziren—maizterrek etxea erosteko aukera izango dute gero—, eta 157 jabetzan eskuratzeko jarri zituzten.
Hutsik dauden etxebizitzak
Etxebizitza babestuen bitartez eskaintza handitzearen kostua ikusita, agintariek hutsik dauden etxebizitzetan jarri dute jomuga. 2011ko datuen arabera, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako etxebizitza guztien %8,4 hutsik zeuden, 84.891 guztira: Bizkaian, 35.821; Gipuzkoan, 33.844; eta Araban, 15.226. Horietatik guztietatik 26.120 udan soilik erabiltzen dira, baina gainontzekoak ez dituzte hilabeteetan erabili. Nafarroan, hutsik zeuden 38.612 etxebizitza atzeman zituzten 2010eko ikerketa batean, orduko etxebizitza guztien %12. Horietatik 20.000 inguru ez dituzte hilabeteetan erabili; hau da, ez ziren bigarren etxebizitzak.
Instituzioek hutsik dauden etxebizitza horiek alokairurako merkatuan sartzeko erronka dute. Mota guztietako tresnak erabili dituzte hori lortzeko, etxebizitzak zaharberritzeko laguntzak eta hobari fiskalak, esaterako. Azken hamarkadan,hutsik dauden etxebizitzei tasa bat jartzeko ere sakon eztabaidatu da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, jabea nolabait etxebizitza merkaturatzera behartzeko. Dena den, neurri hori inoiz ez da ezarri.
Azken proposamenean kontrako bidea hartu du Espainiako Gobernuak. Hau da, erabili gabeko etxebizitza bat izateagatik zigortu beharrean, Espainiako Gobernuak eskubide gehiago eman nahi dizkie etxea alokatu dezaketenei. Eskubide horien bidez alokatzaileen beldurrei aurre egiten saiatu da, ordaintzen ez duten maizterrengandik babesteko. Hori bai, hilero ordaintzen duten maizterren kalterako eskainiko du babes hori.
Administrazioa, bitartekari
Hego Euskal Herrian alokairua sustatzeko abiarazitako politikek ildo ezberdina jarraitu dute azken urteetan. Alokairua sustatzeko helburua duen programa zaharrena Bizigune da, Eusko Jaurlaritzak 2003an abiatutako egitasmoa. Bi helbururekin jaio zen: hutsik zeuden etxebizitzak merkaturatzea, eta ohiko alokairu bat ordaintzen zailtasunak zituztenei alokairua erraztea.
Helburua lortzeko, Eusko Jaurlaritzak bere gain hartu zuen bitartekari lana, eta oinarrizko baldintzak finkatu zituen. Alokatzailearekin gutxienez bost urterako kontratua sinatu, eta zenbait berme eskaintzen dizkio: hilero kobratzea, babes juridikoa eskaintzea, etxebizitzari egindako kalteak konpontzea... Bestetik, Jaurlaritzak maizterra bilatu —urtean 21.000 euro baino gutxiago kobratzen duen pertsona— eta bere soldataren araberako alokairua ezartzen dio. Maizterraren alokairuaren eta alokatzaileari ordaintzen zaion kopuruaren arteko aldea Jaurlaritzak ordaintzen du.
Gaur egun 5.015 etxebizitza daude programa horren barruan, eta azken urteetan gora egin du, poliki-poliki baina gelditu gabe: 2009an 4.569 etxebizitza zeuden programaren barruan; 2010ean, 4.739; eta iaz, 4.808. Datorren urtean 6.000 etxebizitzatara heltzeko erronka ezarri du Eusko Jaurlaritzak. Ordea, lan horrek guztiak kostu adierazgarria du administrazioarentzat. Iaz 21 milioi euro bideratu ziren programa horretara, eta aurten 24,3 milioi inguru gorde ditu programa aurrera eraman ahal izateko.
Nafarroako Gobernuak programa bertsua abiarazi zuen urte batzuk geroago, Alokairu Poltsa izenekoa. Nasuvinsa elkarte publikoak 2006an hartu zuen zerbitzu horren ardura, eta gaur egun 500 etxebizitza inguru kudeatzen ditu. Nafarroan hutsik dagoen etxebizitza kopurua ikusita, horietako batzuk Alokairu Poltsara erakartzen saiatzeko asmoa agertu du gobernuak.
Eusko Jaurlaritzak alokairua sustatzeko abiarazitako azken egitasmoak hilabete gutxi batzuk baino ez ditu. Alokairu Segurua, Arrazoizko Prezioa izeneko programak (ASAP) Biziguneren ezaugarri antzekoak ditu, baina alde onak mantendu eta ahulguneak zuzentzeko asmoa du. Hau da, alokatzaileari bermeak eskaintzen dizkio, baina Eusko Jaurlaritzari merkeago ateratzen zaio. Jaurlaritzak berak onartutako agente batek egiten du bitartekari lana alokatzailearen eta maizterraren artean. Eusko Jaurlaritzak hutsik dauden 3.000 etxebizitza merkaturatu nahi ditu, urte batean, programa horren bitartez.
Horrez gain, Bizigunen sartu ezin ziren pertsonentzako da ASAP. Urtean 39.000 eurora arte irabazten duten pertsonek alokatu dezakete etxea programa horren bidez —Bizigunen 21.100 eurotan zegoen muga—. Horrez gain, gehienezko alokairua aldez aurretik ezarrita dago: 650 euro Donostiako alokairuentzat, 600 Bilbon eta Gasteizen, 550 beste 32 udalerritan... Horrela, 400 eurora arte. Hau da, administrazioak eskaintzen dizkion berme guztien truke alokatzaileak merkatu libreko prezioekiko %30 inguru merkatu behar du bere etxearen alokairua.
Programa martxan jarri zenetik Eusko Jaurlaritzak hamar agente homologatu ditu, eta agente horiek dira etxebizitzak aurkitu eta kudeatzen ari direnak. Bitartekaritza horren truke, alokatzaileak hilabete bateko errenta ordaindu behar die agenteei, baita errentaren %3 ere, kontratua indarrean dagoen hilabeteetan. Hutsik dauden etxebizitzak merkaturatzeaz gain, etxebizitza agentzien sektorea «biziberritzeko» helburua ere agertu zuen Eusko Jaurlaritzak ASAPen aurkezpenean.
Emantzipazio errenta
Egitasmo berriak agertzen dira, baina beste batzuk desagertzeko bidean daude. Emantzipaziorako Oinarrizko Errenta, Espainiako Gobernuak 2008an abiarazi zuen laguntza ekonomikoa, desagertzeko bidean dago. Urtean 22.000 euro baino gutxiago kobratzen zituzten 22 eta 30 urte arteko gazteei 210 eurorekin laguntzen zien alokairua ordaintzeko. Gaur egun ezin da laguntza hori eskatu. Iaz laguntza etetea erabaki zuen Mariano Raxoiren gobernuak, eta 2011. urtea bukatu aurretik eskatu zutenek baino ezin dute jaso. Horrez gain, apirilean beste murrizketa bat egin zuen laguntza horretan, 210 eurotik 147 eurora jaitsi baitzuen.
Laguntza hori indarrean egon den lau urteetan Hego Euskal Herriko 21.646 gaztek jaso dute, eta oraindik ere 12.954 pertsonek jasotzen jarraitzen dute: 4.491k Nafarroan, 3.796k Bizkaian, 3.023k Gipuzkoan eta 1.644k Araban.
Hegoaldeko zerga sistema
Alokairurako etxebizitzen merkatua biziberritzeko neurrien artean neurri fiskalak ere iragarri ditu Espainiako Gobernuak. Neurri horiek, ordea, ez dute Hego Euskal Herrian eragingo. Ogasun administrazioek eskumena dute zuzeneko zergen antolakuntzari eta egiturari buruz Hegoaldean, baina, oraingoz, Nafarroak baino ez du etxebizitza kenkaria ezabatzeko eztabaida hasi. Gastu fiskal esanguratsua da, ogasunei 580 milioi euro inguru bildu gabe geratzen zaizkielako etxebizitza kenkarien ondorioz, bai jabetzagatik eta bai alokairuagatik.
Ogasunek badituzte alokatzaileentzako neurriak ere, alokairuengatik ordaindutako dirua azalarazteko, eta alokairua diru beltzarekin ez ordaintzeko. Ordea, neurriak neurri, orain arte alokairua sustatzeko neurri bakar batek ere ez du joera historikoa irauli. Oraindik ere etxebizitzaren jabetzak berebiziko pisuadu Hego Euskal Herrian.
Etxebizitza. Alokairua sustatzeko politikak
Jabetzaren aurkako amaigabeko erronka
Hego Euskal Herriko administrazioek hutsik dauden etxeak alokatzeko bideak eskaintzen dituzten arren, aukera horrek Europako batez bestekotik urrun jarraitzen du oraindik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu