Krisiaren diagnosia egin, eta irtenbideak planteatu. Bi hegalekoa da Jabier Lertxundi ekonomia doktore eta soziologoaren azterketa. Dioenez, egungo krisia ez da ekonomikoa soilik. Zabalagoa da haren ikuspegia: “Sistema osoa dago krisian”. Bost atal aipatu ditu puntuz puntu: ekonomikoa, soziala, politikoa, ekologikoa eta militarra. Herritarrengan jartzen du berak arreta. Hor dago egoera iraultzeko indarra bere ustez: “Guk asmatu behar dugu gizartearen antolakuntza. Guk exijitu behar diegu erakundeei zer bultzatu eta zer ez”. Bere azken liburua aurkezten izan da Durangoko Liburu eta Disko Azokan; Krisia gainditzeko modukoa da izenekoa. Gazteleraz eta euskaraz kaleratu dute lana aldi berean, eta Koikili Lertxundik egin ditu euskaratze lanak.
Puntuz puntu egin du diagnosia Lertxundik, eta atalez atal aurkeztu ditu soluzioak ere. Baina bada klabe orokor bat: “Pertsona izatea. Gure burua lantzea. Elkartasuna, adibidez, agian ez dago modan, baina oso garrantzitsua da, eta modan jarri beharra dago.Eta badaude gehiago. Lortu behar duguna da bizitza on bat ideia horiei jarraituta, eta hala, jende gehiago ere ohartuko da merezi duela hala bizitzea“.
Tresna teorikoak zorrozteko beharraz aritu da Lertxundi. Dioenez, ekonomiaren ikuspegia murritzegia gizarteratzen da egun. “Ekonomia berdin dirua. Hori da esaten zaiguna, baina hori ez da egia”. Ikuspegi orokorragoa aldarrikatu du horregatik, eta giza eta gizarte zientzien desagerpena ere salatu du hitzaldian. Ikastetxeetan presentzia handiago izan behar lukete alor horietako ikasgaiek, bere iritziko, ekonomialariaren esanetan gizartean oso azaleko baloreak baitira gaur egun indarrean daudenak. Filosofia eta soziologiak joka dezaketen papera aldarrikatu du horri aurre egiteko. Hori da krisi sozialari aurre egiteko proposatzen duen lan ildoetariko bat. Baloreei buruzko eztabaida mahai gaineratzea.
Bakezaletasun emantzipatzailea
Delegazio politikoaren aurka ere mintzatu da krisi politikoari eskainitako atalean. Lau urtean behin botoa ematea ez da nahikoa Lertxundiren aburuz. “Klase politikoa aipatzen da maíz, baina denok gara politikoak. Gizartea antolatzea da funtsean politika, eta guk egiten ez badugu bste batzuek egingo dute gure ordez”. Ekologia kontuan hartzea ere oinarrizkotzat jo du eta bakezaletasun emantzipatzailea proposatu du krisi militarraren erantzun gisa. “Ez bagara kapaz bide horretan sakontzeko, sistema militarrak jarraituko du izaten sistema ekonomikoa mantentzeko tresna”.
Itzarri consulting enpresako kidea da Lertxundi eta bi dira haien lan ildo nagusiak. Erakundeei aholkuak ematen dizkiete batetik pertsonen kudeaketarako, eta euskararen normalizaziorako gomendioak ere egiten dituzte kirolaren arloan. Urtero publikazio sorta bat egitea ere bada haien asmoa. eta krisiari buruz idatzitako hori da aurtengo uztako aleetariko bat.