ALARDEA

Jaizkibel: «Hondarribiko alardeak orain duen formatuan parte hartzeko prest gaude»

Hondarribiko alardearen 22. konpainia izan nahiko luke Jaizkibel konpainia parekideak, desfile nagusiaren «barruan»: proposamen hori egin du, «alardearen auziari konponbidea bilatzeko beste proposamenei batzen zaiena». Udalari «irtenbide adostu bat babes dezan» eskatu diote.

Jaizkibel konpainiako kideak, gaur, Hondarribian. JAIZKIBEL KONPAINIA
maddi ane txoperena iribarren
2021eko uztailaren 16a
13:23
Entzun

1996an hasi zen lehen aldiz emakume talde bat Hondarribiko alardean desfilatu nahian, eta ordutik mende laurdena beteta eta «elkarrizketaren alde» daudenek «zenbat oztopo» izan dituzten «jakinda», Jaizkibel konpainiak «hirugarren pausoa» ematea erabaki du: «Hondarribiko alardeak orain duen formatuan parte hartzeko prest gaude». Halaxe adierazi dute Jaizkibel konpainiako kideek gaur eguerdian Hondarribian (Gipuzkoa) egindako agerraldian. Jakinarazi dute «alarde bakar, parekide eta publikoaren» alde daudela oraindik ere, baina alardeko 22.konpainia izateko apustua egin dutela orain: «Hauxe da gure aldarria: 22. konpainia barruan nahi dugu».

«Alardearen auziari konponbidea bilatzeko beste proposamenei batzen» zaie hautu hori, Jaizkibel konpainiakoen erranetan, eta Hondarribiko Udalari «irtenbide adostu bat babes dezan» eskatu diote: «Emakundek plazaratu berri duen ikerketaren esanetan, erakundeen, eta, beraz, alderdi politikoen babesik gabe, zaila baita konponbidea. Hori irakatsi digute festen parekotasunean aurrerapausoak eman dituzten herriek».

Jaizkibelek jakin badaki aurten ez dela alarderik izanen, eta, iaz egin bezala, hurrengo alarderako gelditzen den denbora «elkarrizketak bultzatzeko ahaleginean» emanen dutela jakinarazi dute. Bitartean «prest» agertu dira «antolatu daitezkeen ekimen guztietan» parte hartzeko, «iaz botoarekin egin genuen bezala». Hondarribiko herriak «merezi» duen gisan bestak elkarrekin ospatzeko deia egin dute: «Herri bat, alarde bat, festak guztiok batera ospatu ditzagun, festek hondarribiarron batasuna sendotzeko balio behar dutelako, ez zatiketarako».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.