Hondarribiko alardea

Jaizkibel konpainiak Jaurlaritzari eskaini dio aurtengo alardean banderadun izatea

Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariari proposatu diote bandera eramatea, eta esan dute hura "lanpetuta" baldin badago Kultura eta Hezkuntza sailburu Cristina Uriarte hondarribiarrak eraman dezakeela.

Hondarribiko alarde parekidea, iaz. IDOIA ZABALETA / ARGAZKI PRESS
2014ko abuztuaren 21a
18:51
Entzun

Ohar baten bidez, Jaizkibel konpainiak eskertu egin du hainbat erakundek konpainia parekide bakarrari emandako babesa. Eusko Jaurlaritza eta Gipuzkoako Foru Aldundia aipatu dituzte, eta gehitu dute gustatuko litzaiekeela "zerrenda labur horretan udalaren izena gehitzea, baina, zoritxarrez, udalak nahiago izan du alardea pribatizatu berdintasunaren alde egin baino".

Horregatik eskaini nahi izan diote Urkulluri aurtengo alardean konpainiaren bandera eramateko aukera. Hala ere, aitortu dute badakitela "lanpetua egongo dela, baina agian Kultura eta Hezkuntza sailburu Cristina Uriarte hondarribiarra prest egongo litzatekeela bandera eramateko, alarde pribatuaren jabe den fundazioari jendaurrean babesa azaldu ondoren".

Modu berean, Uriarteri gogorarazi nahi izan diote berak babestu duen fundazioak ez zuela lortu Eusko Jaurlaritzaren legeztapena, hain zuzen "fundazio horren helburua berdintasunari kontra egitea zelako"; eta Nafarroara jo behar izan zuela legeztatzearen bila.

Arartekoaren deia

Oharrean adierazi dutenez, Uriartek, Hezkuntzaren arduradun nagusia den aldetik, seguru asko ez du baliogabetu nahiko bere sailak hilabete luzeetan landutako gida plana, “hezkuntza sistemako hezkidetza eta genero indarkeriaren prebentzioa lantzeko egina”.

Iñigo Lamarca EAEko arartekoak esan du erakunde guztien ordezkaritzek han egon beharko luketela, Jaizkibel konpainia babesten. Urteotan, Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusia, arartekoa bera eta Emakundeko ordezkaritza han izan ohi dira; ostera, Eusko Jaurlaritzako ordezkaritzarik ez da joaten.

Gaur goizean Radio Euskadin egin dioten elkarrizketan esan du Irungo eta Hondarribiko udalak "bakarturik" daudela gai honetan gainontzeko erakundeekin alderatuta; adierazi du "ukaezina" dela emakumeek desfilatzeko duten eskubidea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.