Hondarribiko alardea

Jaizkibel konpainiak Loratzen jaialdiaren bidez ospatuko du 25. urteurrena, urriaren 22an

Egun osoko festa antolatzen ari dira, ibilbide historiko batekin, herri bazkariarekin, eta zenbait ekitaldi eta kontzerturekin. Hondarribiko alardeko «hogeita bigarren konpainia» direla aldarrikatuko dute. 

Jaizkibeleko kideak, gaur, Loratzen jaialdia aurkezten. BERRIA
Maite Asensio Lozano.
2022ko urriaren 8a
14:37
Entzun

25 urte bete ditu aurten Hondarribiko (Gipuzkoa) Jaizkibel konpainia parekideak. 1997an jaio zen, Hondarribiko alardean parte hartzeko eskatzeko, emakumeen soldadu gisa desfilatzeko eskubidea baliarazteko. «Argi daukagu gure helburua oraindik ez dugula lortu, eta horrek haserretzen gaitu. Ezin zaigu buruan kabitu emakume izate hutsagatik espazio publikotik, ospakizunetatik, herriaren bihotzetako batetik botatzen jarraituko gintuztenik XXI. mendean, baina errealitatea hori da». Hala ere, urteurrena ospatzeko arrazoi ugari ditu Jaizkibelek: «Konpainiaren gaztetasuna, freskotasuna, alaitasuna eta aurrera jarraitzeko grina ospatzeko modukoak dira». Horretarako, Loratzen jaialdia antolatzen ari dira: urriaren 22an egingo dute urteurren festa.

Alardearen «hogeita bigarren konpainia» direla aldarrikatuko dute jai giroan: «Hemen gaudela eta bizirik gaudela ospatuko dugu». Gaur goizean agerraldia egin dute Jaizkibeleko kideek jaialdiaren programaren berri emateko, eta «hondarribiar guztiak zein inguruko lagunak» deitu dituzte parte hartzera.

Alarde parekidearen aldeko borrokaren berri emango duen ibilbide historiko batekin abiatuko dute Loratzen jaialdia, 10:30ean, eta 12:00etan Gipuzkoa plazan elkartuko dira, Jaizkibelen sinbolo bihurtu diren zapi koloretsuekin, festa hasteko. Ondoren, herri bazkaria egingo dute Jostaldi frontoian, eta 18:30ean egingo dute eguneko ekitaldi nagusia, Bentan, «izan garena eta garena ospatzeko eta gure helburuak aldarrikatzeko». Azkenik, kontzertuak izango dituzte 19:30ean hasita: The iingles, Anari, Pinpilinpussies eta Merina Gris. Ibilbide historikoan eta bazkarian parte hartzeko izena eman behar da.

Udalaren erantzunik ez

Bi urteko geldiaren ondoren, irailaren 8an berriro egin zen Hondarribiko alardea, eta, 25 urteotan bezala, aparte desfilatu zuen konpainia parekideak; aurten, dena den, plastiko beltzik gabe egin zuen Kale Nagusiko bidea Jaizkibelek, eta babes handia jaso zuen. Gatazka, ordea, ez da konpondu, eta, horren harira, eskaera argi bat egin zion Oihana Etxebarrieta Jaizkibeleko kapitainak Txomin Sagarzazu Hondarribiko alkateari: «Hilabeteko epean elkarrizketa mahai bat martxan jartzeko lidergoa har dezala. Herriak hala eskatzen du, eta bada garaia alardearen inguruko eragile ezberdinak biltzeko eta elkarrizketa prozesu bat abiatzeko».

Alardetik hilabetera egin du agerraldia Jaizkibelek, hain justu, epe hori amaitu den egunean. Etxebarrietak azaldu duenez, udalak ez die erantzun: «Ez dugu mezurik, deirik edo gonbidapenik jaso, ez mahai baterako, ezta bilera baterako ere». «Larria» iruditzen zaio herritarrek eginiko eskaera bati ez erreparatzea: «Ez genuen soilik komunikabideen bidez egin: udaletxean ere formalki erregistratu genuen eskaera. Edozein elkarteren edo herritarren eskaerak merezi du gutxienez jaso izanaren konfirmazio bat. Eta denok merezi dugu entzunak izatea, bestaldean norbait dagoela sentitzea, errespetua».

Etxebarrietak gogora ekarri du ez dela lehen aldia: «Tamalez, ohituta gaude. Baina horrek ez gaitu gelditu; bestela, ez ginen iritsiko 25 urte betetzera». Loratzen jaialdia pasatutakoan aztertuko dute zein urrats egin aurrerantzean, baina gatazkari heldu beharra berretsi du: «Irailaren 8tik kanpo gai honetaz hitz egiteko momentu aproposa da».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.