Martin Ugalde Foroa. Markel Olanoren hitzaldia

Jarduera politikoan herri estrategia sendotu behar dela dio Olanok

ETAren indarkeriaren amaierak abertzaleen arteko elkarlana erraztuko duela uste du Gipuzkoako ahaldun nagusiakKomunikazio sistema propio baten beharra aldarrikatu du Martin Ugalde Foroan

Martxelo Otamendi, Markel Olano, Joan Mari Torrealdai, Joseba Egibar eta Xabier Isasi, atzo, hitzaldia hasi aurretik. GARI GARAIALDE / ARGAZKI PRESS.
jokin sagarzazu
Andoain
2011ko otsailaren 18a
00:00
Entzun
Abertzaletasunean eta eragile abertzaleen arteko harremanetan aro berri bat irekiko du ETAren indarkeriaren amaierak. Hala uste du behintzat Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak. Gaur egun, indar abertzaleek estrategia komun bat partekatzeko adina lur sendorik ez dutela uste duen arren, aurrera begira baikor azaldu da. EAJren buruzagiaren ustez, ezker abertzaleak bide politikoetatik soilik aritzeko egin duen hautuak «pausu erabakigarria» izango da erakunde armatuaren indarkeria amaitu eta abertzaleen arteko elkarlanean garai berri bati hasiera emateko.

Martin Ugalde Foroan izan zen atzo Olano, eta Euskal Herria eszenatoki politiko berriaren aurrean deituriko hitzaldia eskaini zuen. Han izan ziren, Joseba Egibar EAJren GBBko presidentea, eta alderdi jeltzaleko Luke Uribetxeberria eta Carlos Ormazabal, besteak beste. Inaki Irazabalbeitia Aralarreko kidea ere gerturatu zen Olanoren hizketaldia entzutera.

«Abertzaletasunaren helburuak lortzeko eta abertzaleen arteko elkarlanerako arazo nagusiena izan da ETA». Hizketaldiaren hasiera esaldi hori aipatu bazuen ere, iraganaz baino gehiago ETAren indarkeriaren amaierak etorkizunean ireki dezakeen abaguneaz mintzatzeko helburua zuela argitu zuen lehen momentutik Olanok. «Itxaropena ez dugu mugatu behar bakegintzara soilik, abertzaletasunaren garapena ere hartu behar dugu kontuan», adierazi zuen.

Olanoren aburuz, abertzaleen arteko elkarlanak bi ardatz izan behar ditu: Giza eskubideen errespetua eta erabakitzeko eskubidea. Lehenengo oinarriari dagokionez, euskal gizarteak oro har eta ezker abertzaleak bereziki urrats garrantzitsuak egin dituela uste du. Erabakitzeko eskubideari buruz, berriz, nabarmendu du «estrategia eraginkor eta sendo» baten beharra dagoela.

«Nola garatu erabakitzeko eskubidea lortzera eramango gintuzkeen estrategia eraginkorra?». «Abertzaletasuna zatitu» izan duen galdera horri erantzuten saiatu zen Olano hizketaldi osoan zehar.

Gipuzkoako ahaldun nagusiaren arabera, eragile abertzaleek «herri estrategia baten beharra» txertatu eta sendotu behar dute eguneroko jarduerako politiko, ekonomiko eta sozialean. Erabakitzeko eskubidearen beharra gizarteratu beharra dago, haren irudiko, eta hori ez da instituzioetatik soilik lortuko. «Euskal Herrian gizarte dinamika aberatsa da, baina erabakitzeko eskubidearen aldeko gizarte dinamika ahula da».

Olanoren aburuz, «aldaketa etengabeak bizi dituen egungo gizartean» ezinbestekoa da gizarte sareak sortzea. «Globalizazioak herri nortasunean aldaketa nabaria eragiten ari da. Ez dago aldaketa sozialerako prozesurik gizartea politikatik aldentzen bada eta herrigintzaren balioa sinesten ez badu eta lidergo eraldatzaileetan federik ez badu».

Ildo horretan, nabarmendu du euskal abertzaletasunak herrialde garatuenen antzera sistema propio bat garatu behar duela, ezagutzaren eta komunikazioaren alorrean. Hala, informazioa sistema propio bat eta erabakitzeko eskubidearen beharra gizarteratuko duen «produkzio intelektual» bat ezinbestekoak direla esan du. «Herri akademiak sortu behar dira», adierazi du. Ideia horiek irudikatzeko Herrialde Katalanetako eredua jarri du Olanok. «Erabakitzeko eskubideak defendatzaileak behar ditugu alor guztietan».

«Mundu mailako sare ekonomiko sozial kultural eta politikoetan aurrera egiteko gaitasuna duten herriek soilik lortuko dute beren nortasunaren garapen politikoa».

«Tentsioa» Estatuarekin

Olanoren arabera, herri estrategia hori gauzatu ahal izateko, ezinbestekoa da abertzaleen arteko lankidetzan, «hauteskundeetatik haratago» dauden oinarri batzuk adostea. «Horrek eramango gaitu erabakitzeko eskubidea araubidean sartzera». Era berean, jarduera bateratu horrek Espainiako Estatuarekiko «tentsioa» areagotuko duela uste du. «Eragile abertzaleek «perspektibarekin» jokatu behar dutela nabarmendu du. «Aniztasuna ez da txarra, baina oinarririk ez badago zatiketa ematen da».

Olanoren aburuz, horretaz aspaldi ohartu ziren PSE-EE eta PP ahaldun nagusiak salatu duenez, bi alderdi horiek euskal erakundeak erabiltzen dituzte «orain arteko egindako bidea apurtzeko». Eta ETAren indarkeriaren amaierak sor dezakeen jokaleku politikoan ere ildo beretik joko dutela ohartarazi du. «Indarkeriaren amaieraren kontakizuna nola azaldu, hori izango da gakoa». PSE-EEk eta PPk kontakizun hori «euskal nortasunaren kontra» eraiki nahi dutelanabarmendu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.