Jardun politikoagatik preso dituztenak aska ditzatela eskatu dute

Segikoak izatea egotzita kartzelan dituzten burlatarren gurasoek manifestazioa antolatu dute igande eguerdirako

Erredakzioa
Iruñea
2012ko otsailaren 7a
00:00
Entzun
Jardun politikoa egiteagatik espetxean dituzten nafarren senideek epaiketa politikoak amai daitezela eta politikan aritzeagatik preso dituztenak aska ditzatela eskatu dute, PPk Iruñean duen egoitzaren aurrean egindako elkarretaratzean. Segi, Batasuna, Ekin eta Askatasuna erakundeetan lan egitea egotzita 29 nafar kartzelan dituztela ohartarazi dute, eta horiek guztiak etxean nahi dituztela.

2008an, atxilotzeko arriskuan ziren hogei gaztek osatutako zerrenda beltza ezagutu zenean biltzen hasi ziren gurasoen taldeak antolatutako elkarretaratzean ohartarazi dutenez, 2007tik 79 pertsona atxilotu dituzte Nafarroan lan politikoa egiteagatik. Horietatik 46k torturak salatu dituzte, eta 51 espetxeratu zituzten. Gaur egun, 29k jarraitzen dute preso, eta gainontzekoek «milaka euro» ordaindu behar izan dituzte kartzelatik ateratzeko.

Iazko urtarrilean, hamar gazte atxilotu zituzten Segiko kide izatea egotzita, eta, «gazteen aurkako jazarpena» amaitu dadila eskatzeko, PSOEren egoitzaren aurrean elkarretaratzea egiten hasi ziren, astelehenero. Espainiako Gobernua aldatuta, PPren egoitzaren aurrean egiten dute orain protesta.

Astero biltzen hasi zirenetik urtea bete denean, epaiketa politikoak amai daitezela eta «seme-alabak aska ditzatela» eskatu dute gurasoek. Ohartarazi dutenez, «militantzia politikoagatik» preso dituzten 29 lagunetik 22 ez dituzte epaitu ere egin.

Behin-behineko espetxealdien «gehiegikeriak» salatu dituzte hargatik. «Ez dago pertsona horiek espetxean mantentzeko inolako arrazoi objektiborik: ez dago ihes egiteko arriskurik, delitua errepikatzekorik, edo frogak gordetzekorik», adierazi dute Yolanda Ansok eta Marine Pueyok gurasoen izenean. «Are ulergaitzagoa da preso mantentzea egun bizi dugun egoera politikoan».

Horiek guztiak aske utz ditzaten, mobilizatzeko deia egin diete herritarrei, eta protesta antolatu dute iganderako. Segikoak direlakoan urtebetez preso dituzten Iker Moreno, Oihana Lopez eta Xabier Arina Burlatako gazteak askatu ditzatela aldarrikatzeko manifestazioa egingo dute Burlatako Askaz plazatik abiatuta, 12:30ean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.