Jardunaldi feministak

Jardunaldien ondoren, mugimendu feminista barnetik indartzea jarri dute helburu

Euskal Herriko V. Jardunaldi Feministak egin dira Durangon (Bizkaia), azaroaren 1etik 3ra bitartean. Antolatzaileek lehen balorazioa egin dute, eta baita aurrera begirako helburuak zehaztu ere.

Euskal Herriko V. Jardunaldi Feministak egin ziren Durangon (Bizkaia). ENDIKA PORTILL / FOKU
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
2019ko azaroaren 5a
07:23
Entzun

Euskal Herriko V. Jardunaldi Feministak amaitu dira. Durangon (Bizkaia) egin dira azaroaren 1etik 3ra bitartean, Salda Badago lelopean. Hiru egunez batu ziren adin, arraza eta jatorri anitzetako emakumeak. Orain, aurrera begira onartu beharreko erronkak zehazteko garaia iritsi da. Jardunaldi feministak bukatu berritan, lehen balorazioa egin du antolakuntzak. Lehentasun bat ezarri du mahai gainean; hain zuzen ere, haren barne egitura «indartzea» izango da helburua. Feministek jakinarazi dutenez, horrek gaitasun handiagoa emango die inguruan «eragiteko» eta esku artean dituzten helburuak «garatzeko».  

Bi urtez aritu da Euskal Herriko mugimendu feminista jardunaldiak prestatzen, eta adierazi du azken hiru egunetan bizi izandakoa «izugarria» izan dela. Guztira, 3.000 emakumetik gora bildu dira. Emakumeen borrokak, ordea, 40 urte daramatza antolatzen, saretzen. «Euskal Herriko mugimendu feminista politikoa, herritarra, erradikala eta kolektiboa da», ohartarazi du antolakuntzak; eta, gaineratu du herrietako taldeen artean zein Euskal Herrian egin diren batera jotzeek mugimendua «sendotzen» lagundu dutela. Bide horretan jarraitzeko asmoa agertu dute, eta baita aurrera begirako erronka nagusi bat ezarri ere: «Amorrua antolatu eta konplizitateak jostea».

Izan ere, mugimendu feministak azaldu du emakumeek «sistema zapaltzailea» lehen pertsonan bizi dutela: «Kapitalismo basatia berregituratzen ari da, dominazio heteropatriarkala etengabean indartzen, migrazioaren aurkako politika zurruntzen, eta indarkeria matxistak ez du etenik». Areago, nabarmendu dutenez, Euskal Herriko instituzioek ere ez dute planteatzen eredu «antidemokratikoaren eta antisozialaren» hausturarik. «Inboluzio horren aurrean, haustura eta eraldaketa aldarrikatzen dugu», berretsi dute; eta baita antolatzeko deia egin ere.

Mugimendua «sendotuta»
Jardunaldietara bertaratutako andreek hiru egunez erresistentziak eta borrokak edukiz bete dituzte. Hainbat izan dira antolatu dituzten hitzaldiak, mahai inguruak, ikuskizunak edota eztabaidak. Ezagutu dituzte hango eta hemengo errealitateak, parte hartu duten lekukoen bizipenak. Errealitate anitz kontuan hartuta, egin dituzte datozen urteetarako apustuak.

Bizitzak erdigunera izan da aurtengo greba feministaren aldarri nagusia; hori gogoan izanda hartu dute lehen erabakia. «Martxoaren 8an paktu sozial aldarrikatu zen, bizitzaren ardura kolektibizatu eta zaintza lanak berrantolatzeko; itun hori gogoan eduki da Durango». Eta, beraz, dei egin dute pentsio duinen, lurraren defentsaren edota etxeko langileen eskubideen alde antolatzeko. Horrez gain, hartu dira beste ardura batzuk ere. Besteak beste, mugimendu feministak gaineratu du norbanako bakoitzaren pribilegioei eta zapalkuntzei erreparatzeko erabakia hartu dela, eta, horrekin batera, apustu bat ere egin da: «Herrialde okupatuetako borroka feministak ikusgarri egitea».

Antolakuntzako lagunek azaldu dutenez, mugimenduari «aniztasunaren» aitorpenak ematen dio indarra: «Ezberdinak gara aukeretan, eskubideetan eta bizi baldintzetan; pribilegioak ukatu gabe, horiek suntsitzera goaz». Eta, beraz, dei egin dute elkarrekin antolatzen jarraitzeko. Indarkeria matxistari aurre egiteko zenbait egun eta mobilizazio izan dituzte gogoan; esate baterako, Azaroaren 25a, Martxoaren 8a edota Ekainaren 28a.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.