Milaka haur eta gaztetxo eskolarik gabe izan dira gaur greba eguna baitute itunpeko ikastetxeetan, ELA, LAB eta EILAS sindikatuek antolatuta. Itunpeko ikastetxeetako langileen baldintzak sare publikokoekin parekatzea eskatzen dute, eta hori posible egingo duen finantzaketa markoa onartzea eskatzen diote, zehazki, Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari. Greba deialdia egin duten sindikatuek emandako datuen arabera, grebak %80 inguruko jarraipena izan: ikastoletan %100ekoa eta gizarte ekimeneko ikastetxeetan %70ekoa Bizkaian eta Gipuzkoan eta %50ekoa Araban.
Jaurlaritzak, aldiz, datu apalagoak eman ditu: irakasleen %60,6 eta ikastetxeen %60 Gipuzkoan, irakasleen %31,3 eta ikastetxeen %45,4 Bizkaian eta irakasleen %18,9 eta ikastetxeen %38,5 Araban.
364 ikastetxetako 12.600 langile daude grebara deituta -11.600 irakasle eta bestelako lanetan aritzen diren bete 600 behargin-. Eguerdian manifestazioa egin dute Bilbon, Guggenheim paretik abiatuta, eta 6.000 bat lagun batu dira.
Oro har, ikastolek eta eskola erlijiosoek osatzen duten itunpeko sarea. Patronal horiek biek grebaren eta jarraipenaren oso balorazio diferentea egin dute. Ikastoletako patronalak, Partaidek, greba langileen %90ek baino gehiagok egin dutela agertu du, eta haien eskariak ulertzen dituela. Halaber, behar bezalako finantziazio publikoa eskuratzeko borondatea adierazi du.
Eskola erlijioso gehienen bilgune den Kristau Eskolak elkarteak, aldiz, beren arloan grebaren jarraipena %28koa izan dela azaldu du, eta gehiegizkotzat jo du greba egitea. Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren iduriko ere, gehiegizkoa da itunpeko sareko langileek grebara jotzea.
Irakaskuntza
Jarraipen zabala Araba, Bizkai eta Gipuzkoako itunpeko ikastetxeetako grebak, sindikatuen arabera
Beren lan baldintzak sare publikoko langileekin parekatzeko finantzaketa marko egokia onartzeko eskatzen diote Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari. ELA, LAB eta EILASek egin dute deialdia. Sindikatu horien arabera, grebak %80 inguruko jarraipena izan du. Ikastolak eta eskola erlijiosoak dira, besteak beste, itunpekoen sarekoak, eta 160.000 ikasle inguru batzen dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu