Azaroaren 20ko hauteskundeetarako aliantza politiko bat osatzeko proposamena elkarrekin aztertu zuten atzo ezker abertzaleak, EAk, Alternatibak eta Aralarrek. Bigarren bilera izan zuten atzokoa, eta komunikabideetara bidalitako ohar bateratu batean jakinarazi dutenez, «datozen egunetan» berriz bilduko dira. Balizko egitura bakar horri eman beharreko formatik harago, funtsezkoan bat datoz ezker abertzalea, EA, Alternatiba eta Aralar: Espainiako hauteskundeetan euskal gizarteari «hauteskunde proposamen bateratua» eskaini behar zaiola uste dute, oharrean nabarmendu dutenez.
Azaroaren 20ko bozetara bat eginda aurkezteko ezker abertzaleak, EAk eta Alternatibak eginiko proposamenaren harira jarrera irekia agertu du Aralarrek lehen momentutik. Ez, ordea, EAJk.
Aralarren zuzendaritzaren nahia da Nafarroan NaBai eta Bilduren arteko koalizioa egitea eta EAEn Aralar eta Bilduren artekoa. Senaturako, berriz, EAJri ere ateak zabaltzea proposatu du. Ezker abertzaleak, EAk eta Alternatibak Hego Euskal Herri osorako aliantza proposatu die Aralarri eta EAJri. Jeltzaleek ezezkoa eman dute jada.
Aralarrek irailaren 17an egingo du V. Kongresua, eta alderdikideek bertan onetsi beharko dute hauteskundeetara aurkezteko formula. Hamabost egun lehenago, irailaren 3an, Aralarrek Hegoaldeko Batzarra egingo du. Ordurako, beraz, proposamena landuta egon beharko da.
UPN kezkatuta
Alderdiko militanteen erabakiaren zain, NaBairen egoera argitzen hasi da. Koalizioa osatzen duten independenteek eta EAJko kideek ezezkoa eman diote ezker abertzaleak, EAk eta Alternatibak eginiko proposamenari. Herenegun bildu ziren Aralarren ekimenez eta haien ezezkoaren zergatiak azaldu zituzten. Txentxo Jimenez Aralarren Nafarroako koordinatzailea, berriz, ezker abertzalearekin, EArekin eta Alternatibarekin biltzearen alde azaldu zen.
NaBairen barruko ika-mikek izan dute oihartzunik. Yolanda Barcina Nafarroako Gobernuko presidenteak adierazi du Bilduren asmoa dela «NaBai xurgatu eta [Nafarroako] indar politiko bozkatuena bihurtzea». Carlos Garcia Adanero UPNko idazkari nagusiak, berriz, uste du NaBairen «heriotza agiria» izango litzatekeela «Aralar eta Bilduren arteko akordioa». Adaneroren arabera, akordioa egingo balute Nafarroako jokaleku politikoa «argituko» litzateke. «Bilduk ordezkatuko lukeen abertzaletasunerradikala alde batetik, eta EAJren abertzaletasun moderatua bestetik».
Ikasturte politikoaren hasiera. Hauteskundeei begira
Jarraipena izango dute bozetarako aliantza osatzeko elkarrizketek
Barcinak uste du Bilduk NaBai «xurgatu» nahi duela, Nafarroan «boto gehien berak lortzeko»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu