Joan zen uztailaren 5ean amaitu zuen EAJk Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetara aurkeztuko dituen zerrenden osaketaren prozesua. Hain zuzen ere,EAJren EBBko lehendakari Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzarako jeltzaleen lehendakarigai izendatu zuten egun berean eman zieten onespena Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hauteskunde zerrendei. Egun horretan bertan, era berean, Bakartxo Tejeriaren aldeko apustua egin zuten Eusko Legebiltzarreko jeltzaleen lehendakarigai izateko. Prozesuan lurralde bakoitzeko zuzendaritzen lerroetako hautagaiak irten ziren garaile, eta oinarriek gehiengo zabalez eman zieten onespena.
Araban eta Gipuzkoan bertako buru batzarretako lehendakariak izango dira zerrendaburuak, Xabier Agirre eta Joseba Egibar hurrenez hurren. Bizkaian, BBBko lehendakari Andoni Ortuzar bigarren lekuan joango da, Urkullu lehendakarigaia izango baita zerrendaburu.
Hain zuzen ere, Bizkaia agertu zen lurralde kohesionatuena, BBBk aurkeztutako zerrenda ofizialaren alde lerrokatu ziren-eta oinarriak.
Gipuzkoan, joera kritikoa badagoen arren, eta zerrenda ofizialaz gain oinarrietan beste izen batzuk ere agertu baziren ere, Egibarren ildokoek ez zuten arazorik izan zerrendetan aurreneko lekuetan agertzeko. GBBko lehendakariak, gainera, errepikatu egingo du EAJren legebiltzar taldeko bozeramaile gisa. Eusko Legebiltzarreko lehendakari izateko hautagai izango den Bakartxo Tejeria joango da bigarren Gipuzkoatik.
Antia eta Martinez
Gorabeheratsuagoa izan zen Arabako zerrendak osatzeko prozesua. Artean gordin zeuden Xabier Agirre lehendakariaren eta Iñaki Gerenabarrena lehendakari ohiaren arteko lehiak ABBren berritze prozesuan irekitako zauriak.
Zerrendatan joateko berrogei hautagai aurkeztu zituzten oinarriek, tartean Gerenabarrenaren ildokoak. Bigarren itzulian, ordea, Agirreren zuzendaritza irten zen garaile. Orain arte legebiltzarkide izan diren Mikel Martinez eta Nerea Antia, Gerenabarrenaren ildokoak, erretiratu egin ziren bigarren itzulian, ordurako bai baitzekiten ez zutela aukerarik zerrendetan goi lerroetan agertzeko.
Bi legebiltzarkide horiek izango dira amaitu berri den legegintzalditik faltako direnak. Gainontzekoek berriro agertuko dira zerrendetan, eta aurreneko postuetan doaz ia denak. Urriaren 22tik aurrerako legebiltzarkide jeltzaleen taldeko argazkia, beraz, ez da orain artekotik asko aldenduko. Jarraitutasunaren zigilua ezarri die EAJk Eusko Legebiltzarrerako aurkeztutako hautagaien zerrendei.
Helburua botoetan eta legebiltzarkideetan garaile irtetea eta hortik Eusko Jaurlaritza eskuratzea. Orain arteko inkestek lehen lekua ematen diote EAJri, baina gehiengo absolututik urrun.
Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Kanpainaurrea
Jarraitutasunaren bidea
Iragan legegintzaldiko legebiltzarkide taldearen oso antzekoa izango da jeltzaleena urriaren 22tik aurrera
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu