Jatetxe baten jabea kondenatu dute esplotazioa eta abusuak egitegatik

Legez kanpo langileak ekarri eta ia egun osoko lanera behartzen zituen, kontraturik gabe, baldintza kaskarretan

arantxa iraola
2021eko irailaren 7a
12:20
Entzun

Orotara hamabi urte eta bederatzi hilabeteko kartzela zigorra ezarri diote Irungo jatetxe baten jabeari (Gipuzkoa), langileak esplotatzea eta bi langile emakumezkori abusuak egitea leporatuta. Epaiaren arabera, Mexikotik hiru langile ekarri zituen jatetxera, legez kanpo, eta gero esplotatu egin zituen; asteartetik igandera jardun behar izaten zuten, inolako kontraturik gabe, 10:00etatik 17:00etara eta 20:00etatik 00:30era, ordain ekonomiko oso apal batekin. Epaitu eta zigortu egin dute, horrez gain, bi langile andrazkori abusuak egitegatik eta bati jazartzeagatik.
Akordio bat hitzartu du akusatuak fiskaltzarekin eta salaketa partikularrarekin, eta honako delituak egin izana onartu du: pertsona baten legez kanpoko trafikoa, hiru pertsonari atzerritik heltzeko laguntza ematea, hiru langile esplotatzea, bi andrazkori abusuak egitea, eta bati sexu jazarpena egitea. Zigorretako bat ere ez da bi kartzela urte baino handiagoa, eta espetxera joan beharrik ez du izango horregatik. Biktimei kalte ordainak eman beharko dizkie: 5.620 euro denera. Hainbat isun pagatu beharra ere ezarri diote sententzian, eta lan komunitarioak egitera behartuko dute.
Epaiaren arabera, 2016an jatetxearen jabeak egin zuen ikastaro batean dago esplotazioarekin lotutako delituen iturburua. Mexikoko herritar bat ezagutu zuen han, eta aurrerago hari eta haren bikotekideari Euskal Herrira lanera etortzeko proposamena egin zien, «onargarriak» ziruditen lan baldintza batzuk eskainita. «Ikasle bisa» batekin etortzeko proposamena egin zien, langileak ekartzeko ezarrita dauden jarraibideak bazter utzita, eta aurki ziren akusatuaren jatetxean lanean, antzeko bideetatik ekarria zuen atzerriko beste langile batekin batera. Epaiaren arabera, jatetxearen jabeak pertsona horien egoera zaurgarria baliatu zuen haiek esplotatzeko: etekina atera nahi izan zion haiek zuten «mendekotasun ekonomiko eta pertsonalari».
Abusuei dagokienez, sententziaren arabera, andrazko langileei «ukituak» egin zizkien.

Maiatzean antzeko epai baten berri izan zen; Iruñean, Castillo de Javier ostatuko jabeari bederatzi hilabeteko zigorra jarri zioten, esplotazioa leporatuta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.