Arabako Errioxako herritarrak Errioxan (Espainia) osasun artajaso ezinik egon dira azken asteetan. Arazoari konponbidea emateko gaur egingo dute lehen bilera Rafael Bengoa Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak etaErrioxako ordezkari Jose Ignacio Nietok. Auziak gotortuta zirudien atzo. Pedro Sanz Errioxako presidenteak ez zirudien amore emateko prest: «Inongo itunik gabe ez diegu osasun zerbitzurik eskainiko Arabako Errioxakobiztanleei». Bengoak egindako «premiazko» bilera eskaerari oniritzia eman zion, ordea, Nietok.Arabako Errioxako auziari irtenbidea emateko hitz egiten hasiko dira bi aldeak.
Oiongo (Araba) alkate Ruben Garridok, berriz, jakinarazi du gose greban jarraituko duela nahiz eta bi gobernuen arteko negoziazioak hasi. Herenegun goizetik Errioxako Gobernuaren egoitzaren aurrean dago, Errioxako hiriburuan, Logroñon. «Hitz egin dezatela, baina herritarrei osasun zerbitzua berriro eskaintzea da lehen pausoa. Hemen jarraituko dut eriak artatzen hasi arte». Garridoren ustez, Errioxak eriak ez artatzeko hartutako erabakia hartzeko modua ez da «zuzena» izan: «Abisurik eman gabe, Eusko Jaurlaritzari denborarik utzi gabe, herritarrak osasun zerbitzurik gabe utzi ditu». Jaurlaritzari, aldiz, «ahalegin berezia» eskatu dio auzia konpontzeko.
Oiongo Udaleko oposizioa, ordea, herriko alkatearen «diskurtso aldaketarekin» ez dago ados. Oiongo Udaleko EAJ, Bildu eta PSE-EEren ustez, Garridoren jarrera «antidemokratikoa» da. «Astearteko ohiko batzarrean prentsaurrekoa eman zuen alkateak. Bertan, aurreko ostegunean bere alderdiak plenoan emandako iritziaren 'aurkako diskurtsoa' eman zuen, eta guri ez zigun hitzik eman». Oposizioaren arabera, lehengo astean gobernu taldea Errioxako Gobernuari erantzukizunak eskatzearen aurka agertu zen, eta Eusko Jaurlaritzari eskatzearen alde. Oiongo EAJko bozeramailearen iritzian, Ruben Garridok «errespetu falta» erakutsi die udaleko beste ordezkariei. Bilduren ustez, «beste behin» hitza kendu nahi izan dio herriari. Oposizioak argi du zein den aurrera egiteko giltza: «Erabakiak bat eginda hartzea».
Bi alde, bi ikuspuntu
Arabako Errioxako eriak artatzeagatik Errioxako Gobernuak zazpi milioi euro eskatzen dizkio Eusko Jaurlaritzari; Jaurlaritzak, ordea, «ordainik ematea» ez duela onartuko adierazi du. Horregatik erabaki zuen Errioxak arabarrek Errioxan jasotzen duten osasun arreta etetea iragan irailean.
Atzo arratsaldean bi aldeak elkarrizketarako prest azaldu baziren ere, aurretik gordin hitz egin zuen Pedro Sanz Errioxako presidenteak, bere jarreran irmo: «Zerbitzua emateko, eska dezatela lehenengo, eta akordio bat egingo dugu gero; itunik gabe ez dugu ezer emango. Arazoa ez da Errioxarena, Eusko Jaurlaritzarena baizik. Eusko Jaurlaritzaren deiaren zain gaude».
Sanzen ustez, Nafarroa da eredua. Haren ustez, Jaurlaritzak «zuzenean» bildu behar du Errioxarekin, Espainiako Gobernuko Osasun Ministeriora jo gabe. «Arazo hori bera dela eta, Nafarroa zuzenean etorri da guregana, eta akordio bat lortu dugu». Vianako herritarrei osasun arta jasotzera Errioxara joateko aukera emango dien akordioa zuen atzo hizpide, hain justu, Errioxako Gobernuko presidenteak.
Bengoaren ustez, hauteskunde kanpaina bete-betean dagoelako ari da horrela jokatzen Errioxako presidentea: «Ondo datorkio euskaldunen kontra aritzea». Gaurko bileran «politikaz harago» jardun nahi du sailburuak. Bengoaren ustez, zerbitzu batzuk bermatzeko logikoa da ezer ere ordaindu beharrik izan gabe itun orokor batzuk egotea.
De Andres: «Ez dut ulertzen»
Javier de Andres Arabako ahaldun nagusiak kritikatu egin du Errioxako Gobernuaren erabakia. Ez du ulertzen zergatik erabaki duen orain Arabako Errioxako herritarrei osasun artarik ez ematea, zerbitzua ematen hamasei urte egin ostean. Ahaldun nagusia ziur dago arabarrak berriro hasiko direla osasun arreta jasotzen. «Espainia herrialde bat da, ez hamazazpi desberdin. Ez dauka zentzurik 400 biztanlerentzat beste erietxe bat egiteak». Elkarlana «beharrezkoa» dela dio De Andresek, eta adibide bat jarri du: «Bizkarrezur muineko lesioa dutenentzat zentro bat bultzatzen ari gara Araban. Zentro hori Espainiako iparralde guztiarentzat litzateke. Ramon Rabanera PPren senaturako hautagaiakere konponbide «azkarra» eskatu baitu. Leire Pajin Osasun ministroaren arabera, Errioxa «derrigortuta» dago herritar guztiak artatzera. Pajinek gogorarazi du gobernu autonomiko guztiek «kohesiorako diru sarrera bat» jasotzen dutela horrelako «gastuei» aurre egiteko.
Gaur hasiko dituzten bileren ondoren jakingo da Arabako Errioxako biztanleek Logroñora joan ahal izango duten osasun arreta jasotzera edo ezinbestean Gasteizera joan beharko duten. Aldea handia da herritarrentzat; Oiondik, esaterako, bost kilometro pasatxo egin behar dituzte herritarrek Logroñora iristeko. Gasteizerako, ordea, 60 kilometro inguru egin behar dituzte, eta errepidean mendateak igaro behar dituzte. Bide motzena libre nahi dute; larrialdirik bada ere.
Jaurlaritza eta Errioxako Gobernua hizketan hasiko dira gaur akordioa lortzeko
Oiongo alkateak dio gose greban jarraituko duela; udaleko oposizioak kritika egin du, eta ondo ez duela jokatu argudiatu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu