Hedabideetan eta IKT informazioaren eta komunikazioaren teknologia berrietan euskararen erabilera sustatzeko laguntzetan murrizketa nabarmena egin du Eusko Jaurlaritzak datorren urtera begira. Atzo bertan onartu zituen gobernu kontseiluak Kultura Sailaren bi agindu horiek, eta bi deialdien artean 716.800 euroko murrizketa egin du, %10,2ko mozketa 2011ko deialdiekiko. Murrizketa handiena hedabideei ematen dien laguntzan egin du: %11koa. Informazio eta komunikazio teknologietarako deialdian %7,1ekoa izan da murrizketa.
Guztira, 4.875.000 euro emango ditu Kultura Sailak euskarazko komunikabideentzako diru laguntzetara, 2011n baino 605.000 euro gutxiago. 2010eko laguntzekin alderatuta, %14,9 urritu ditu Jaurlaritzak euskara hedabideetan sustatzeko laguntzak; orduan baino 850.000 euro gutxiago emango ditu 2012an.
Murrizketa modu bertsuan egin du Jaurlaritzak hedabide mota gehienen artean; euskara hutsean idatzitako egunkariei, hedapen handiko aldizkariei, irratiei eta telebistei dagozkien laguntzak %9 urritu ditu, hain zuzen ere. Murrizketa handiena udalerri, eskualde eta lurralde zehatzetara mugatutako informazio orokorreko aldizkarietan gertatu da. 704.000 eurokoa izango da aurrekontua, 2011ko deialdian baino %12 gutxiago.
Hazkunde bakarra baino ez da gertatuko hedabideetan euskara sustatzeko laguntzetan. Internet bidez zabaltzen diren hedabideek 105.000 euro gehiago jasoko dituzte, 2011n baino %27,7 gehiago. Laguntza horren barruan dauden hedabideen artean euskara hutsezko egunkari eta aldizkariak daude, euskara erabiltzen duten irrati eta telebistak —elebidunak ere bai—, baita albisteak euskaraz ematen dituzten albiste agentziak ere.
Iragan maiatzean Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak iragarria zuen zenbait aldaketa egingo zirela euskara sustatzeko 2012ko diru laguntzetan; ildo horretan, errotik kendu du gaztelaniazko egunkarien euskarazko gehigarriei ematen zien laguntza. Horrez gain, deialdia ohi baino lehenago atera du, laguntzen agindua urte erdian onartzeak zenbait jarduera eta egitasmo galarazten zituela argudiatuta.
Gobernu kontseiluak onartutako diru laguntzetan ez dira aintzat hartu euskarazko hedabide ez-publikoek berriki egindako aldarrikapenak. Jaurlaritzari abenduaren hasieran gogorarazi zioten EAEko aurrekontuek gora egin zutenean euskararentzako eta euskalgintzarako dirua ez zela ugaritu, eta krisi egoeran mozketak egin izana leporatu zioten.
Teknologia berrietan ere bai
Hedabideen deialdian ez ezik, aurrekontuen murrizketak IKT deialdian ere eragina izan du. IKTen bidez euskara sustatzeko egitasmoetarako 1.464.200 euro emango ditu 2012an Jaurlaritzak, aurten baino %7,1 gutxiago. 2010eko aurrekontuekin alderatuta, %10ekoa da murrizketa, 162.000 euro gutxiago.
Laguntza hori bi multzotan banatu du Jaurlaritzak. Alde batetik, Interneten euskarazko edukiak sustatzeko laguntzak handitu ditu. Hala, 74.000 euro gehiago eman ditu helburu horretara, aurten baino %8,4 gehiago. Diru laguntza horretara ezin izango dira alderdi politikoen webguneak aurkeztu, ezta sindikatuen egitasmoak ere. Une zehatz baterako sortutako webguneak ere ezin izango dira deialdira aurkeztu; hau da, maiztasunez eguneratzeko plangintza aurkeztu beharko dute laguntza eskatzerakoan. Horrez gain, euskararen kalitatea bermatu beharko dutela ohartarazi du gobernu kontseiluaren erabakiak.
Informatika programak sortzeko laguntza nabarmen murriztu du Eusko Jaurlaritzak. Aurten 700.000 euro eman ditu, eta 2012an 514.200 eurorenak izango dira laguntzak. Hau da, urte bakarrean, %26,6 murriztuko da laguntza hori.
Jaurlaritzak %11 urritu du euskara hedabideetan sustatzeko dirua
Internet bidezko komunikabideetarako laguntza %27,7 igo du, baina teknologia berriei dagokiena %7 jaitsi
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu