Jaurlaritzak %15 gutxitu ditu bi urtean euskal hedabideentzako laguntzak

Aurtengo murrizketa %11koa da, eta herri aldizkariek jasan dute beherakada handiena laguntzetan

Erredakzioa
Donostia
2012ko ekainaren 20a
00:00
Entzun
5.725.000 eurotik 4.875.000 eurora. Eusko Jaurlaritzako Hizkuntz Politikarako Sailburuordetzak %15 gutxitu ditu bi urtean euskarazko hedabideentzako diru laguntzak. 2011n, %4koa izan zen jaitsiera, eta aurten, berriz, ia hiru aldiz handiagoa da: %11koa, hain zuzen ere.

Murrizketarik handiena herri aldizkariek jasan dute. 704.000 eurokoa da laguntza, 2011n baino %12 txikiagoa. 2010ean kopuru hori 790.220 eurokoa zen. Euskara hutsean idatzitako egunkariei, hedapen handiko aldizkariei, irratiei eta telebistei dagozkien laguntzak %9 urritu dira. BERRIAren kasuan, 154.498 euro gutxiago jasoko ditu aurten: zehazki, 1.449.250 euro. Berria.info-ri ematen dion laguntza ere urritu du. 37.187 euro emango dizkio, iaz baino 3.207 euro gutxiago.

Hazkunde bakarra baino ez da gertatu, Internet bidez zabaltzen diren komunikabideetarako laguntzetan. 105.000 euro gehiago jasoko dituzte: 485.500 euro, hain zuzen; 2011n baino %27,7 gehiago. 2010ean 357.535 eurokoa izan zen laguntza hori.

Irailean iragarri zuen Blanca Urgell sailburuak Kultura Sailaren aurrekontuetan murrizketak izango zirela. Abenduan, Hizkuntz Politikarako sailburuorde Lurdes Auzmendik nabarmendu zuen ahalegina egin zutela inbertsioei eusteko baina krisi garaian mundu osoak solidarioa izan behar duela: «Kalitatezko hedabideak behar ditugu, eta behar dugu euskararen presentzia indartsu bat. Baina, horretarako, ezda nahitaezkoa dugun guztia».

Egoerari aurre egiteko, hedabideek batzea erabaki dute. Krisiari erantzun eta etorkizuneko erronkei aurre egiteko asmoz, txosten bateratu bat aurkeztu zuten 48 hedabidetako ordezkariek, martxoan, Andoaingo Martin Ugalde kultur parkean (Gipuzkoa).

Sektorearen egoeraren diagnostikoaren berri eman, eta bost puntutan laburbildu zituzten etorkizunera begira dituzten erronkak: euskarazko hedabideen behatoki bat sortzea; diru laguntzak hitzarmen bidez jasotzea; sektoreko langileen lan baldintzak hobetzea; ikerketan, kalitatean eta lehiakortasunean urratsak egitea; eta euren arteko elkarlana sustatzea. Erakundeei, gainera, dei egin zieten elkarlanerako mahai bateratu bat osatzera. Jasone Mendizabal Topaguneko buruak egin zien eskaria, dokumentua sinatu zuten hedabideen izenean: «Bada garaia erronka horiei sendotasunez heltzeko, beste molde eta bide batzuk jorratuz, irudimena landuz eta, batez ere, elkarlanean arituz».

Sektoreak euskararen normalizazioan eta ekonomian duen garrantzia aldarrikatzeko ere baliatu zuten ekitaldia. Gogorarazi zuten euskarazko hedabideetan 600 profesional baino gehiago ari direla egun beharrean eta urtean 27 milioi eurotik gorako aurrekontua mugitzen dutela. Gizarte Segurantzari zazpi miloi eurotik gorako ekarpena egiten diote. Euskarazko hedabideen beharra defendatu zuen Mendizabalek: «Komunitate guztiek dute mundua beren hizkuntzan ikusteko eta kontatzeko beharra».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.