Birusak harrotua segitzen du oraindik ere Euskal Herrian, eta, ezinbestean, osasun sistemek begirada ernez erreparatu beharra diete tokian tokiko kasuei. Hain zuzen, azken egunotan Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan detektatu diren agerraldiei buruzko informazioa plazaratu du Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Jose Luis Quintasek, goizean Bilbon egindako prentsaurrekoan. Azaldu duenez, Osakidetzak 23 agerraldi atzeman ditu. Horietako sei enpresetan gertatu dira; bi, udalekuetan; lau agerraldi Arabatik, Bizkaitik eta Gipuzkoatik kanpo egindako udalekuetatik eratorritakoak dira. Gainera, beste zazpi agerraldi zahar etxeetan detektatu dituzte, eta, beste bi, ezkontza ospakizunetan.
Quintasen arabera, zaila da atzeman diren agerraldi horien sorburuak zein diren zehaztea, jatorriak «askotarikoak» baitira. Dena dela, sailburuordeak iradoki du horietako kasu batzuetan ez dela behar bezala jokatu: «Agerraldi horietako asko aise eragotz zitezkeen segurtasun neurriak hartu izan balira».
Milatik behera, bigarren egunez
Izurriteak Hego Euskal Herrian hartua duen joerari dagokionez, Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak emandako informazioaren arabera, Osakidetzak eta Osasunbideak 9.216 proba diagnostiko egin zituzten atzo COVID-19a atzemateko, eta horien guztien %9,5ek eman zuten positibo: beste 879 kutsatu zenbatu zituzten, alegia.
Halaber, erietxeei so eginez gero, atzo 62 gaixo ospitaleratu zituzten gaitzaren sintomak larriagoturik. Horietako sei Nafarroan erietxeratuak dira, eta, gobernuak zehaztu duenez, horietako bost ZIUetara sartu dituzte zuzenean, larri. Azken datuen arabera, Hegoaldeko zentroetan guztira 445 paziente daude gaitzak jota erietxean. 91 dira ZIU zainketa intentsiboetako unitateetan.