hezkuntza

Jaurlaritzak abenduan egingo du hezkuntza arloko lan eskaintza publikoa

1.148 lanpostu eskainiko dituzte. Ekainean ziren probak egitekoak, baina COVID-19aren eraginez atzeratu zituzten.

Eusko Jaurlaritzaren DBHrako lan eskaintza publikoaren azterketak, iazko ekainean. MONIKA DEL VALLE / FOKU
jon olano
2020ko abuztuaren 17a
10:11
Entzun

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak jakinarazi du abenduan egingo dituela alor horretako lan eskaintza publikoko azterketak. 1.148 irakasle plaza eskainiko dira, Bigarren Hezkuntzakoak (1.021) eta Lanbide Heziketakoak (127).

Euskal Autonomia Erkidegoko Aldizkari Ofizialak gaur argitaratu du epeei eta denbora erreferentziei buruzko agindua. Oposizio faseko lehen proba abenduan egingo dute, hil horretako hirugarren asteburuan, betiere osasun egoerak horretarako aukera ematen badu. Era berean, hautagaiek kontuan hartu beharreko epe hauek ere zehazten ditu: irailaren 30etik urriaren 9ra, programazio didaktikoa aurkeztu beharko dute, eta, 2021eko lehen hiruhilekoan, merezimenduak aurkezteko zortzi eguneko epea irekiko dute. Hezkuntza Sailak behar den aurrerapenez iragarriko du data.

Izena emateko ireki diren epeetan (otsailean eta martxoan lehenik, eta ekaineko lehen egunetan ondoren), 6.042 izen emate izan dira lan eskaintza publikoan parte hartzeko. Dena den, hautagai horiek guztiek programazio didaktikoa aurkeztu beharko dute, zehaztutako epeen barruan, oposizio faseko lehen proba egin ahal izateko.

Erabaki honekin, Eusko Jaurlaritzaren asmoa da "lan egonkortasuna dakarren" prozesua burutzea, horrek "hezkuntza sistemaren kalitatean eta milaka profesionalen bizi proiektuan duen eragin zuzenaren jakitun baitago".

Hezkuntza Sailak uste du osasun egoerak aukera emango duela lan eskaintza publikoa adierazitako egunetan egiteko: "Garaia iristean, osasun agintariek prozesua ez egitea gomendatuko balute, sailak ahalik eta lasterrena jakinaraziko du data aldatu beharra, egoera horrek interesdunen artean eragin ditzakeen eragozpenen jakitun", erantsi du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.