Euskara

Jaurlaritzak aditzera eman du ez dela onartuko hizkuntza eskakizunen dekretua legegintzaldi honetan

Miren Dobaran Hizkuntza politikako sailburuordeak argitu du bigarren entzuketaren prozesuan dagoela haren taldea, eta «errealistak» izango direla 150.000 langile publikoren «egungo egoera linguistikoarekin». Ertzaintzari, Osakidetzari eta beste eragile batzuei «zenbat denbora behar duten» galdetu die sailburuordetzak, «euskararen erabileran» jauzi bat egiteko.

Miren Dobaran Hizkuntza politikko sailburuordea (eskuinean), gaurko batzordean. BERRIA
xabier martin
2023ko ekainaren 14a
13:10
Entzun

Administrazio publikoko hizkuntza eskakizunak arautuko dituen lege dekretuaren azken zirriborroak berretsi du lanpostuaren ezaugarriaren araberako hizkuntza irizpideak are berezituagoak izango direla Araba, Bizkai eta Gipuzkoako administrazio publikoan. Edonola ere, «prozesuak luze joko du» oraindik, Miren Dobaran Hizkuntza Politikako sailburuordeak azaldu duenez, dekretua zertan den galdetu diotenean Batzordean. Rebeka Ubera EH Bilduko legebiltzarkideak galdetu dio zergatik ari den atzeratzen dekretua, eta Dobaranek argi esan du Eusko Jaurlaritzak ez duela zertan onartu legegintzaldi honetan: «Ez dugu onartu beharrik ezinbestean legegintzaldi honetan».

Izan ere, bigarren entzuketaren prozesuan dago dekretuaren diseinua. Dobaranek esan du Ertzaintza, Osakidetza, hezkuntza arloa, sindikatu guztiak eta beste hainbat eragile euren ekarpenak egiten ari direla, baina aurreratu ditu dekretuak jaso dituen lerro batzuk, eta berretsi du euskara modu berezituagoan eskatuko dela administrazioan, «tokian tokiko errealitate bakoitzaren arabera».<br />Ia 150.000 langile publikorekin «malgu» jokatu behar dela ziurtatu du sailburuordeak, herritarren hizkuntza eskubideak errespetatu behar direla, baina mugarri hori ezarri behar dela langile publiko horiek «egun duten errealitatetik» abiatuta.

Dekretuaren diseinuan legelariak jartzen ari dira oinarririk handiena. Dobaranek esplikatu du «erabilerarako jauzia» egin behar dela, ezagutzari dagokionez «lorpen izugarriak» egon direlako azken hamarkadetan. Jauzi hori, ordea, «bidezkoa eta arrazoizkoa» egin beharko dela argi utzi du, eta Ertzaintzak eta Osakidetzak, esaterako, dekretura egokitzeko zenbat denbora beharko duten azaldu beharko dutela. Hamar urteko epeaz aritu da Dobaran.

Jende aurreko lanpostuak

Euskaldunen hizkuntza eskubideak bermatzeko, langile publikoen kasuan «jendaurreko postuak lehenetsi» beharko dituztela aurreratu du, era berean. «Asimetria» ere hartu du ahotan, esplikatzeko lanpostu batzuetan ez dela zertan euskaraz idatzi, nahiz eta euskaraz hitz egitea beharrezkoa den. Beraz, lanpostuen araberako hizkuntza eskakizun diferenteak egoteari atea zabaldu dio sailburuordeak. «Logikaz zehaztu beharko da non aplikatu beharko den asimetria». Dobaranek «entrenamendu epe» batez hitz egin du, gainera: «Ez baikara pasatuko besterik gabe errealitate batetik bestera».

EH Bilduko legebiltzarkide Ubera «shock egoeran» utzi du Dobaranen hitzaldiak, eta ondorioztatu du hizkuntza eskakizunak arautzeko lege dekretua ez dela legegintzaldi honetan onartuko: «Aniztasuna erabiltzen duzue euskara eskubideen alorrean aurrera ez egiteko, eta atzera egitea da gaur egun aurrera egiteari uko egitea». Uberarentzat, hain justu Euskal Herrian euskararen ezagutzan dagoen aniztasunak izan beharko luke «badatozen belaunaldi berrientzako» beste jokaleku bat eskaintzeko arrazoia. Koalizio abertzaleko legebiltzarkideak bere buruari galdetu dio «ez ote den ari EAJ hauteskunde interesei begira» hizkuntza eskubideen alorrean, «epe luzera baino gehiago».

Iazko apirilean, Jaurlaritzako Kultura sailburu Bingen Zupiriak ziurtatu zuen gobernuak aurtengo hasierarako espero zuela dekretua onartzea, eta arau berriak «euskararen exijentzia» handituko zuela administrazioan.

ELA sindikatuak «onartezintzat» jo du dekretuaren aldaketa «geldiaraztea». Jaurlaritza hura «une oro atzeratzen» ari dela salatu du, eta ELAren ekarpenei «ez entzunarena» egiten diela. «Lanpostuaren araberako irizpideak egongo dira dekretuan, hizkuntza eskakizun epelak eta sektoreka zein lurraldeka bereiziak».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.