Hipotekek Kaltetutakoen Plafatormak kritikatu egin du Eusko Jaurlaritzak etxe kaleratzeak saiheste aldera atzo aurkeztutako egitasmoa. "Populista da", iritzi dio Begoña Barrutia bozeramaileak. Egitasmo horren arabera, Eusko Jaurlaritzak ituna sinatuko du Espainiako Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiarekin eta Eudelekin. Hala, kaleratze bat agindu aurretik gizarte zerbitzuei berri emango diete auzitegiek, laguntza emateko. "Ez da erreala".
Kexu azaldu da baita ere EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak escrache-ei buruz atzo kaleratutako epaiarekin. "Gure ustez ez du ondo ulertu protesta hauen helburua. Gure nahia ez da inor intimidatzea, baizik eta entzutea". Azaldu du alderdi politikoekin biltzen saiatu direla. "Baina batzuetan ezinezkoa gertatzen ari zaigu. Beraz, hau da gure kexua azaltzeko dugun modua". Bestalde, epaia zehazgabea dela uste du. "Irakurrita, ez dakigu nola jokatu. Izan ere, ez du onartu 300 metroko muga hori orokortzea. Baina aldi berean ez du irizpiderik ematen horri buruz, ezta ere nola jokatu behar den deialdi bakoitzean".