Jaurlaritzaren aurrekontuak

Jaurlaritzak aurrekontuak erretiratuko ditu akordiorik ez badago etzi baino lehen

Pedro Azpiazu Ogasun sailburuaren esanetan, EH Bilduren negoziaziorako borondatea "lausotu" egin da gobernuak proposamen "bideragarriak" zehaztu ahala. EH Bilduk erantzun du, gobernuak bere buruari ultimatuma jarri arren, eskuak luzatuta jarraitzen duela.

Maddalen Iriarte EH Bilduko legebiltzarkidea eta Pedro Azpiazu Eusko Jaurlaritzako Ogasun sailburua, gaur, Eusko Legebiltzarreko korridoreetan. FOKU
Gorka Berasategi Otamendi.
2018ko abenduaren 11
07:17
Entzun

Eusko Legebiltzarrak Jaurlaritzaren aurrekontu proiektuari aurkeztutako bi osoko zuzenketak eztabaidatu ditu gaur goizean, eta biak baztertu ditu. Elkarrekin Podemosek eta PPk aurkeztu dituzte aurrekontuak itzultzeko zuzenketak. EH Bilduk ez du halakorik egin, Jaurlaritzarekin abian dituen negoziazioekin jarraitze aldera. Ez dute luze jarraituko, ordea, gobernuak gaur esandakoari eusten badio. Negoziaketa horiei epemuga jarri die gaur Pedro Azpiazu Ogasun sailburuak. EH Bilduri ohartarazi dio ez duela legebiltzarreko azken eztabaidara arte luzatuko negoziaketa —abenduaren 21ean litzateke—, eta aurrekontu proiektua erretiratuko duela, osteguna baino lehen akordiorik lortzen ez badute. Bihar gauerdira arteko tartea eman dio koalizioari. Azpiazuk ziurtatu du Jaurlaritzak atzo publiko egin zuen eskaintza dela gobernuaren azken hitza, eta hari baiezkoa eman ala ez erabaki behar duela EH Bilduk.

Koalizioak eskaintza horri ezezkoa ematen badio, Eusko Jaurlaritzak ezohiko batzarrera deituko ditu gobernuko kideak, aurrekontu proiektua erretiratzeko. Era horretan, Jaurlaritzak ekidin egingo luke legebiltzarrak zuzenketa partzialak eztabaidatzeko osoko bilkura egitea. Horretarako, Aurrekontu Batzordea bildu baino lehen hartu beharko luke erabakia. Batzordea ostegunean bilduko da, 9:30ean.

Eusko Jaurlaritzak DSBEa pentsiodunentzako handitzea proposatu dio EH Bilduri, aurrekontuei bide ematearen truke. Igoera, baina, ez da koalizioak gobernuari eskatu dionaren bestekoa. Proposamena da pentsiorik apalenak 784 euroraino osatzea 2019an, eta 823 euroraino igotzea 2020an. Azpiazuren ustez, eskaintzak EH Bilduk egindako eskariei erantzuten die, baina EH Bilduk ohartarazi du gobernuak "nahikoa diru" baduela beren azken proposamena onartzeko eta gutxieneko kopurua 858 euroraino igotzeko 2019an.

Pentsiodunen elkarteek manifestazioa egingo dute larunbatean, "pentsio publiko duinak" eskatzeko. Mobilizaziorako deialdian ohartarazi dute Jaurlaritzaren proposamena "urrats bat" den arren, ez dela nahikoa.

EH Bilduk legebiltzarrean bertan erantzun dio Ogasun sailburuari. Maddalen Iriarte legebiltzarkideak ziurtatu du koalizioak akordiorako borondateari eusten diola. "Zuen buruari jarri diozuen ultimatumaren aurrean guk esaten dugu gure eskua luzatuta dagoela". Koalizioaren eskaria zein den gobernuak ongi ezagutzen duela gaineratu du, eta akordioa posiblea dela berretsi. "Euskal herritarrei zor diegu", nabarmendu du Iriartek. Haren esanetan, "galdutako hamarkada honen emaitza ezin da izan milaka eta milaka herritar atzean uztea".

Koalizioak iragarria zuen gaurko eztabaidan ez zuela osoko zuzenketen alde bozkatuko eta bide emango ziola Jaurlaritzaren aurrekontu proposamenari. Eta hala egin du. Ondorioz, legebiltzarrak baztertu egin ditu Elkarrekin Podemosen eta PPren osoko zuzenketak.

Elkarrekin Podemosek eta PPk, berriz, gogor kritikatu dute Jaurlaritzaren aurrekontu proiektua eta hura alboratzeko eskatu diote gobernuari. Elkarrekin Podemosek adierazi du Jaurlaritzaren proiektua ez dela "duina" ezkerreko ikuspegitik. Gobernuaren eta EH Bilduren arteko negoziazioak ere kritikatu ditu, hauteskunde interesei erantzuten diela iritzita. Biei leporatu die "kea saltzea", "jende normalaren kaltetan". Elkarrekin Podemosen esanetan, Jaurlaritzaren aurrekontuek "garapen bidegabea" sustatzen dute, baita ustelkeria ere. Koalizioak "aldaketa sakon" bat egiteko beharra defendatu du, eta gaineratu du aurrekontuei, zuzenketa batzuk egin ordez, "ezkerreko alternatiba" bat aurkeztu behar zaiela.

Anton Danborenea PPko legebiltzarkidearen esanetan, gobernuak hobe du iazko kontuak luzatzea, berriak onartzea baino. Era horretan, inbertsioetara diru kopuru handiagoa bideratzeko modua izango duela ziurtatu du. PPren iritziz, Jaurlaritzak hasieratik bilatu du EH Bilduren babesa, harekin autogobernu lantaldean lortu duen akordioa dela eta.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.