Jaurlaritzak berretsi du iaz adina diru emango duela euskara ikasteko

Donostia
2011ko irailaren 21a
00:00
Entzun
«Ez dugu oraindik zehaztu ikasleei euskara tituluak lortzeko emango zaien diru kopurua, eta, gainera, matrikulazio epeak zabalik jarraitzen duenez, ez dakigu datorren ikasturtean zenbat ikasle izango diren euskaltegietan», adierazi du Lurdes Auzmendi Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordeak. Noticias taldeko hedabideek atzo kaleratu zuten laguntzak erdira jaitsiko zirela; Auzmendiren hitzetan, ordea, euskaltegiei iaz adina emango diete. Hain zuzen ere, 31.450.000 euro. «Krisi garaian laguntzak bere horretan mantentzea lortu dugu, eta horrek sekulako ahalegina suposatu du guretzat», adierazi du. Euskaltegiek gizartea euskalduntzeko egiten duten lan garrantzitsua ere azpimarratu du.

Datorren urtean zentro pribatuetan arituko diren ikasleen kopuruak nabarmen gora egin duela aurreikusi dute. «Lehengo urtean ikasleen %75 euskaltegi pribatuetara joaten ziren; aurten ere antzera ibiliko dira». Diru laguntzak bere horretan mantenduko direnez, baina, ikasle bakoitzak diru gutxiago jasoko du euskara lantzeagatik. «Murriztekotan, euskarazko tituluak lortu ahal izateko ematen diren diru laguntzak murriztuko dira», nabarmendu du Auzmendik; «baina laguntzak ematen jarraituko dugu; beharrezkoa bada, gogor borrokatuz».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.