Jaurlaritzak berriro argitaratu du indarkeria matxista salatzeko biktimentzako gida

Biktimei arreta emateko administrazioek dituzten baliabideak eta zerbitzuak «modu sinplean eta ordenatuan» laburbiltzen ditu gidak. Guztira, 136.000 ale banatuko ditu Jaurlaritzak.

Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Eguna
Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Eguneko manifestazio bat, Bilbon. MARISOL RAMIREZ/ FOKU
Edurne Begiristain.
2024ko maiatzaren 4a
11:32
Entzun

Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak berriz argitaratu du indarkeria matxistaren biktimei baliabideak eskaintzen dizkien gidaliburua. Zer egin emakumeen kontrako indarkeriaren aurrean? izenburua du gidak, eta duela hainbat hilabete kaleratu zuen gobernuak aurreneko aldiz. Indarkeria matxista jasaten duten emakumeei arreta emateko administrazioek dituzten baliabideak eta zerbitzuak «modu sinplean eta ordenatuan» laburbiltzen ditu argitalpenak.

Guztira, 136.000 ale banatuko dituzte biktimek eskuratu ditzaketen hainbat lekutan. Besteak beste, udalen oinarrizko gizarte zerbitzuen eta foru aldundien gizarte zerbitzuen egoitzetan, udaletako eta foru aldundietako berdintasun zerbitzuetan, Lanbideren bulegoetan, osasun zentro eta ospitaleetan, emakumeen elkarteetan eta indarkeria matxistaren eta prostituzioaren aurkako elkarteetan paratuko dituzte.

Gidaliburuaren hainbat bertsio egin dira, eta sei hizkuntzatara itzuli da; hiru prestatu ditu Jaurlaritzak, bakoitza bi hizkuntzatan: euskara-gaztelania, arabiera-frantsesa eta errumaniera-portugesa. Ohiko bertsioaz gainera, irakurritakoa ulertzeko zailtasunak dituztenentzako propio egindakoa ere egin du.

Marian Olabarrieta Eusko Jaurlaritzako Gizarte Zerbitzuetako jarduneko zuzendariak azaldu du argitalpenaren helburua dela, alde batetik, emakumeek jasaten duten edozein indarkeria matxista identifikatu eta horri aurre egin ahal izatea, eta, bestetik, Eusko Jaurlaritzak eta beste erakunde batzuek eskaintzen dizkieten baliabideei eta zerbitzuei buruzko informazioa ematea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.