Astelehean argitaratu zuten Europako Hizkuntza Gutxituen Itunaren jarraipena egiten duen taldearen txostena: euskara babesteari dagokionez egoera zein den aztertu dute.
Espainiako Gobernuari "txartel gorria" atera diola azpimarratu du Patxi Baztarrika Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordeak.
Madrilen eskumenak diren arloetan ez dira betetzen Euroitunaren konpromisoak, Baztarrikak ohartarazi duenez: “Justizian eta administrazio periferikoetan —Gizarte Segurantza, esaterako— euskarak ez dauka inongo lekurik”. Hala ere, argitu du Eusko Jaurlaritzari dagozkion justizia eskumenetan euskarari lekua egin nahian ari direla. Lantaldearen txostenak dioenez, ez da %10era iristen epaile euskaldunen kopurua.
Bestalde, Eusko Jaurlaritzaren eskumenak diren arloetan itunaren betetze maila “altua” dela eta agertutako konpromisoak “betetzat” jotzen direla nabarmendu du sailburuordeak. Bi arlotan egiten du behera: Osakidetzan eta Ertzaintzan. Horietan, konpromisoak “partzialki” betetzen dira. Baztarrika: “Azkenaldian aurrerapausoak eman diren arren, euskararen erabilera hobetu beharra dago arlo bi horietan”.