Bizikidetza Demokratikorako eta Indarkeriaren Deslegitimaziorako Planari lotutako material didaktikoa aurkeztu du Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak. Orotara, «mota guztietako indarkeriaren biktimen» ehun testigantza jaso dituzte, hainbat formatutan. Eskola Bakegune zentroaren egoitzan daude guztiak, baita sarean ere. Hala nahi duten ikastetxeek, gainera, «terrorismoarenbiktimak» ikasgeletara eramateko aukera izango dute. Hamalu biktima prest azaldu dira beren testigantzak kontatzeko.
Isabel Zelaa Hezkuntza sailburuaren esanetan, «hezkuntza sistemaren modernizazioak «ez luke zentzurik izango balioetan oinarrituko ez balitz». Balio horiek «bizikidetza demokratikoarekin bateragarriak» izan behar dute; giza eskubide guztiak errespetatu behar dituzte, baita eskubideon urratzeak salatu ere.
Isabel Zelaak gidatzen duen Hezkuntza Sailak aurrekoak egindako plana moldatu du, «balio horiek aintzat hartuta». Egokitze horrek bi helburu betetzen ditu, sailburuaren ahotan: «Biktimekiko enpatia eragin, eta indarkeriaren aurkako jarrera piztu». Bereziki «terrorismoaren arbuioan» jarri nahi izan dute aparteko arreta.
Aldaketa horiek «guztien oniritzia» jaso duela azaldu du Zelaak. Besteak beste, EAEko Eskola Kontseiluak esandakoa gogorarazi du: «Indarrean zegoen curriculuma hobetu dugula onartu du». Biktimen parte-hartze zuzenak ere «gehiengoaren babesa» duela dio sailburuak. Baieztapen hori argudiatzeko beste behin Eskola Kontseiluari egin dio aipamen: «2009an biktimen lekukotza ikasgeletara eramateaz hitz egin zuen, eta iazko txostenean zioen biktimek heziketa balioa dutela».
Zelaaren irudiko biktimak ikasgeletara joateak «berebiziko garrantzia» dauka. Haien testigantzarekin «guztiok ikas dezakegu», eta ikasleengan «bakearekiko errespetuzkoa den bizikidetza» sortzen lagunduko du. «Badakigu kontaketa bakoitzak, izen bakoitzak, biktima guztiak ordezkatuko dituela».
Askotariko biktimak
Material hori prestatzen parte hartu duenetako bat Xabier Etxeberriaizan da, Deustuko Unibertsitateko Etika Gelako irakaslea. Biktima guztiak aintzakotzat hartzen saiatu direla azaldu du, «betiere heziketa helburuak betetzeko» baliagarri izan daitezkeen heinean, «eta ez doktrinatze politikorako». Hala, indarkeria mota guztien ondorioak pairatu dituztenak biltzen saiatu dira: emakumeen aurkako indarkeria, xenofobia, eskola jazarpena, homofobia... Etxeberriaren irudiko, baina, orain arte Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikastetxeetan «terrorismoaren biktimen» falta nabarmena zegoen, eta hori zuzentzen saiatu dira. Bestelako biktimek lekua bazutela dio, baina ez «terrorismoak eragindakoak, eta are gutxiago ETAren biktimek». Horrek «injustizia egoera» eragiten zuen. Curriculum aldaketarekin, «terrorismoaren biktimak» lehenestea erabaki da, «haiekin zegoen zorra kitatzeko». Edonola ere, «ETAren biktimak ez ezik beste terrorismo mota guztietakoak» ere biltzen saiatu direla ohartarazi nahi izan du. Hein berean, «hezkuntza sistema garbitzeko» baliagarria izango dela sinetsita dago.
Irakasleen zeregina
Etika irakasleak ez du ulertzenplanak jaso dituen kritikak, eta ukatu egin du lan horiek heziketa helburuak ez diren beste batzuk izan ditzaketenik. «Material dibulgatiboak dira, eta euretan biktimen presentziak berebiziko garrantzia dauka; hemen ez dago besterik». Hala, proiektuaren muina biktimak izatea arrazoitzen ahalegindu da. Etxeberriaren esanetan, «biktimen presentziak baino ez du ziurtatzen benetako aitortza eta adiskidetzea». Indarkeria zer den jakiteko modu bakarra biktimak ezagutzea dela iruditzen zaio.
Maila berean indarkeriari legitimazioa kendu behar zaiola dio Etxeberriak. Alde horretatik, irakasleen lanaren garrantzia azpimarratu nahi izan du. Ikasgeletan, «gizartean bezala», askotariko pentsaera eta ideologiak daudela onartu du. Horien inguruan, irakasleek neutraltasunari eutsi behar diotela ohartarazi du. Baina Etxeberriak salbuespen bat ere jarri du. «Inork ez luke ulertuko irakaslea isilik geratzea emakumeen aurkako indarkeriaren apologia egiten duen ikasleari begira. Bada, salatzeko jokabide berbera hartu behar dute terrorismoaren apologia egiten dutenean».
Biktimak eskoletara eraman aurretik beharrezko giroa sortu behar dela ohartarazi du Etxeberriak. «Pegagogia lana ezinbestekoa da. Ezin da aurreneko egunean biktima klasean torpedo baten pare agertu». Material hori guztia Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzarako prestatuta dagoela azpimarratu nahi izan du. Baina, hala ere, Lehen Hezkuntzatik hasi behar dela elkarbizitzarako heziketan. «Adinean adinari lotutako ekimenak egin behar dira». Biktimak ikasgelara eramatea prozesuaren azken urratsa izan behar duela nabarmendu du Etxeberriak.
Horren harira, Eusko Jaurlaritzak biktimak ikasgeletara eramatera animatu nahi dituztela dio Isabel Zelaa sailburuak. Baina, hein berean, gerta daitekeenaren jakitun izan daitezela eskatzen die. Edonola ere, ez du uste ikasleen eta biktimen arteko talkarik gerta daitekeenik. Gainera, biktimek badakitela zer gerta daitekeen dio. Hein berean, ikastetxeen autonomia azpimarratu nahi izan du. «Guk material hori guztia eta hamalau biktimak ikastetxeen eskura jarri ditugu. Gero ikastetxe bakoitzak eta irakasle bakoitzak ezagutzen du bere ikasleen errealitatea zein den, eta horretara moldatu beharko du».
Bakerako Hezkuntza Plana
Jaurlaritzak ehun biktimaren lekukotza utzi du eskolen esku
«Terrorismoaren hamalu biktima» prest daude Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako geletan beren bizipenak kontatzekoOrain arte ikastetxeetan indarkeriaren biktimen falta zegoela uste du Jaurlaritzak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu