Eusko Jaurlaritzak orain arteko garapen ereduaren muina mantendu du datozen urteetarako garapen esparrua zehazteko orduan. Pilar Unzalu Ingurumen sailburuak nabarmendu du gaur egun ere balio dutela 1997. urtetik lurraldea antolatzeko indarrean dauden direktibek. Ordea, azken hamabost urteetan aldaketak gertatu direla aitortu, eta horietara egokitzeko zenbait aldaketa proposatu ditu. Aldaketa horietan erkidego «trinkoago» bat lortu nahi duela azaldu du Unzaluk, hirigintzari, EAE barruko zein kanpoko mugikortasunari eta paisaiari garrantzia emanez.
Hirigintzari dagokionez, bi norabideko lan ildoak aurkeztu ditu Iñaki Atxukarro Lurralde Antolaketarako sailburuordeak. Alde batetik hiri barruko garapena aipatu du, bertako eremuak berreskuratu eta berrerabiltzeko asmoa agertuz. Bestetik, hirigintza hedapenari nolabaiteko muga jartzeko irizpideak ere jarriko ditu. Hala, udalerriek 1997ko zuzentaraua baino etxebizitza kopuru txikiagoa eraiki ahal izango dute, zehazki, %33 gutxiago. Hain zuzen ere, Unzaluk gogorarazi du lurralde antolaketarako zuzentarauek hirigintzaren alorrean baino ez dute izaera loteslea; gainontzeko eremuetan lan egiteko markoa baino ez du biltzen.
AHTa, «tresna baliagarria»
Hirien trinkotasuna landu ahala, mugikortasun hobe baten alde egingo dela gogorarazi du Atxukarrok. Irizpide horiek erkidego osora zabaltzeko asmoa ere agertu du aurkezpenean jaurlaritzak, euskal hiriaren eredua indartzeko. Europan lehiatu ahal izateko EAEko «hiri-eskualde» izaera sustatu behar dela nabarmendu du Atxukarrok, bai hiri barruko zeinkanpokoagarraioan hobekuntzak eginez.
Helburu horiek lortzeko abiadura handiko trenaren (AHT) baliagarritasuna nabarmendu du Unzaluk. Europara begirako tresna izateaz gain, EAE barruan «balio handia» izango duen garraiobidea dela azaldu du, eta, Aralarren kritikei erantzunez, tren lasterrari buruzko eztabaida itxita dagoela gaineratu du.
Bestetik, EAEko hiriburuetan biztanleen %73 biltzen direla ikusita, eremu horietarako zenbait ildo zehaztu ditu Jaurlaritzak. Ordea, hiriburuak «garapen ardatzen» barruan ere txertatu dituzte. Ardatz horiek «koherentzia» eman nahi diote lurraldearen garapenari: hirigintza trinkotu, garraio publikoa sustatu, hiri ertainak eta hiriburuak lotu... Langraiz Oka-Agurain, Zalla-Mungia edota Arrasate-Zarautz-Donostia dira Jaurlaritzak zehaztu dituen korridoreetako batzuk. Ardatz horiek udalez gaindiko ekimenak sustatzeko bidea izan daitezkeela uste du Unzaluk.
Ingurumenaren zaintzaren alorrean Unzaluk gogorarazi dulanda eremuko paisaiak zaintzeko tresna izango dela Paisaien Legea. Oraindik Eusko Legebiltzarrean ari dira eztabaidatzen. Bide batez,lege hori hondatutako paisaiak berreskuratzeko, produktibitate handiko lur eremuak eta korridore ekologikoen sarea garatzeko tresna izango dela azaldu du.
Jaurlaritzak gaur bertan argitaratu ditu proposatutako aldaketak, eta ekainaren 30era arte dute erakundeek, elkarteek eta gizabanakoek ekarpenak egiteko epea.
Jaurlaritzak erkidego «trinkoagoa» nahi du, garapen eredua aldatu gabe
Hiri-eskualde izaera garatu nahi du hirien barruko garapena, mugikortasuna eta paisaia zainduz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu