Ia bi orduko bilera egin dute, Moncloan, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak eta Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak, eta Madrilek igortzeke dituen eskumenei buruzko lantalde bat sortzea adostu dute. Baita espetxe politikaz aritzeko beste bat eratzea ere.
1979an onartu zen, erreferendum bidez, EAEko estatutua, baina oraindik, Jaurlaritzaren txosten baten arabera, 37 eskumen falta dira. Batzorde hori "iraunkorra" izango dela aurreratu dute. Lehendakaritzaren arabera, "aurreratuta dauden hiru arloren azterketa lehenetsiko" dute: autobidearen (A-68 autobidea eta A-1 autobidearen zati bat), Pasaiako badiaren eta espetxeetako eskumenek. "Epe laburrean", trenbideen eskualdaketak landuko dituzte, eta, "epe ertainean", EAEko Autogobernu Batzordeak egindako lanak aztertuko dituzte, "eguneratzeko eta sakontzeko helburuarekin". Uztailean Transferentzien Batzorde Mistoa biltzeko deialdia egitea eta Espainiako Auzitegi Konstituzionaleko helegiteak aztertzea erabaki dute. Espetxeetako lantaldeak ez du egutegi jakinik oraindik.
ETAren bukaeraren ondoren espetxe politika moldatzeko beharraz mintzatu zaio Jaurlaritzako burua Sanchezi. “ETA behin betiko desegin ondoren ireki den garai berri honetan espetxe politikarako ikuspegi berri” bat behar dela adierazi du, eta “salbuespen neurriak gaindituko dituen politika berri baten” alde agertu da. Ildo horretan, Hitzeman eta Zuzen Bidean dokumentuak, eta espetxe politikaren eta euskal presoen hurbilketaren "lege berrorientazio" baterako proposamena aurkeztu dizkio. Iragarri du biktimen alorrean zuzeneko harremana izango dutela biek.
Urkulluk prentsaurrekoan esan du Espainiako egungo estatu ereduaz "gogoeta" egin beharra planteatu diola Sanchezi, "bizikidetza" erdiesteko, "haustura" bilatzeke. Estatuko errealitate plurinazionala eta tratamendu propio eta berezia behar duten berezitasunak kontuan hartzeko galdegin dio. “Konbentzio konstituzional” baten bidea ikertzeko aukera proposatu du. Eusko Legebiltzarreko Autogobernu Batzordea egiten ari den lana azaldu dio.
Halaber, jakinarazi du ekonomiaz eta enpleguaz, eta Europaren etorkizunaz ere hitz egin dutela. Bilera "adiskidetsua eta positiboa" izan dela uste du.
Estatuko presidente autonomikoekin bilera saila hasi du Sanchezek. Txio baten bidez esan du gaurko batzarrean "sintonia ona" eta "gure herrian elkarbizitzaren alde elkarrekin lan egiteko borondatea" egon dela.