Berdintasun arloko eragileen eta talde feministen kritikei men egin die Eusko Jaurlaritzak, eta eten egin du indarkeria matxistaren kontrako lege proiektua onartzeko prozedura. Herrizaingo Sailak atzo jakinarazi zuen airean utzi duela Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Biktimak Artatzeko eta Osoki Oneratzeko Legearen tramitazioa. Arrazoia: «Ahalik eta adostasun handienarekin onartzeko, borondate eta giro politiko, instituzional eta soziala falta dira».
Legea egiteko proposamena aurkeztu zuenetik, ezinegona eta kritikak bildu ditu Jaurlaritzaren egitasmoak. Bai EAEko Berdintasun Legean, bai berdintasunerako planetan —iaz bosgarrena onartu zuen Jaurlaritzak—badira genero indarkeriari aurre egiteko proposamenak. Baina, indarkeria matxistari aurre egiteko tresna eraginkorrago bat behar zela iritzita, berariazko lege bat egiteko proposamena egin zuen Jaurlaritzak. Emakundek ez, baizik eta Herrizaingo Sailak kudeatuko zukeen lege hori, Genero Indarkeriaren Biktimen Laguntzarako Zuzendaritzaren bitartez.
Egitasmoa bertan behera utzita ere, ildo horren alde azaldu zen atzo ere Jaurlaritza: «Gobernu honek beti esan du lege bidezko arautzea dela emakume biktimen arretan eta oneratzean dagoen lege hutsunea estaltzeko modu onena». Herrizaingo Sailak argudiatu izan du gaur egungo lege esparruan bikotekide edo bikotekide ohiak egindako indarkeria eta sexu eraso batzuk baino ez direla kontuan hartzen eta, ondorioz, indarkeria matxista molde ugari geratzen direla babes egituretatik kanpo.
Baina gizarte eragileek ez zioten harrera berorik egin lege egitasmoari. Berdintasun alorrean lanean ari diren talde eta teknikariek, emakume elkarteek eta talde feministek legea bertan behera uzteko eskatu izan diote Jaurlaritzari, baita Gipuzkoako Foru Aldundiak ere. Otsailaren 10ean, Euskal Herriko Mugimendu Feministak plazaratu zuen ezinegona. «Testuak ez dakar aurrerapenik indarkeria matxista desagerrarazteko bidean, ez ikuspegian, ez edukietan ere; aitzitik, atzerapausoa da», salatu zuten.
Legea onartu izan balitz, genero indarkeriaren kontrako jarduera Emakundetik Herrizaingo Sailera aldatuko zatekeen, eta, emakume taldeen ustez, berdintasunerako politikak eta indarkeriaren kontrakoak bereiztea ekarriko zukeen horrek. Eta, bortizkeriari aurre egitekotan, politika integralak behar dira, diziplina anitzetatik jorratuak, taldeon esanetan: «Ezinezkoa da indarkeriari aurrea hartzea, ez bazaie haren kausei heltzen».
Ikuspegi integral hori eta koordinazioa Emakundek jarri izan ditu, baina legeak Emakunderen zeregina baztertzen zuen indarkeriaren kontrako jardueretatik. Talde feministek, hargatik, legearen inguruan zer jarrera zuen argitzeko eskatu izan diote Emakunderi. Formengatik ere kritikatudute lege proposamena, eztabaidarik eta parte hartzerik gabe garatu dela iritzita, nahiz Jaurlaritzak halakorik ukatu.
Bestalde, ohartarazi dute legeak ez zukeela eduki aldetik ere aurrerapenik ekarriko: «Aurreproiektuak ez ditu gehitzen emakumeen eskubideak, ez du sortzen baliabide edo zerbitzu berririk». EAEko Emakumeen eta Gizonen Arteko Berdintasunerako Legeak bere horretan indarkeria matxistari aurre egiteko lege esparrua zehazten duela erantsi zuten, ez zutela beharrezko ikusten berariazko legerik.
Lege egitasmoari kritika horiek egiteko, feministek agerraldia egin zuten otsailaren 10ean, eta hurrengo egunean iritsi zen Herrizaingo Sailaren erantzuna. Rodolfo Ares sailburua eta Mariola Serrano Genero Indarkeriaren Biktimen Laguntzarako zuzendaria larunbatez agertu ziren prentsaren aurrean, lege egitasmoak aldaketa ugari izan zituela, eta mugimendu feministaren kritikek errealitatearekin zerikusi gutxi zutela esateko. Legea, aldaketekin izan arren, aurrera zihoala berretsi zuten. Lege egitasmoak jasotako alegazioetatik eta Emakunderekin egindako lanetik «gutxienez hiru zuzenketa» egin zituela jakinarazi zuten Aresek eta Serranok. Gobernuak ez duela Emakunderen eskumenak kolokan jartzeko asmorik, eta «berdintasun politiken zeharkakotasuna» defendatzen duela adierazi zuten agerraldi hartan.
Maria Silvestre Emakundeko zuzendariak ere larunbat hartan bertan hitz egin zuen. BERRIAri emandako elkarrizketan adierazi zuen: «Urrian argitaratu zen testuaren eta orain lantzen ari diren idatziaren artean diferentzia asko daude. Bilakaera horretan, lege proposamena nabarmen hobetu da: indarkeriaren aurkako esku hartzeak berdintasun politiken barruan ezarri ditu, argi. Ildo horretan, pozik nago, hori eskatu geniolako gobernuari». Lege egitasmoaren lehen zirriborroak kezka eragin zuela onartu zuen Silvestrek, baina legearen zirriborro berria ezagutzean «kritika gehienak desagertu» egingo zirela uste zuela erantsi zuen.
Iritzi aldaketa, bi astetan
Agerraldi horiek igaro eta bi astetan ez da, publikoan bederen, beste eztabaidarik sortu egitasmoaren eta zirriborroen inguruan. Eragileak lege proiektuaren testu berri hobetuaren zain zeudenean jakinarazi du Herrizaingo Sailak, ohar bidez, legea airean utzi duela. Idatzian, zailtasunak onartu ditu gobernuak, baina gogorarazi du legea egiteko proposamenak kontrako ahotsik ez zuela jaso Eusko Legebiltzarrean. Legearen zirriborroa egiteko urtebetez lanean aritu dela, erakusketa publikora jarri zela, eta, geroztik, gobernuak «bilera ugari» egin eta «ekarpen asko» jaso dituela azaldu du oharrean.
«Nahiz eta azken hilabeteetan sei zirriborro ere egin diren, eta ekarpen asko jaso diren haietan, gobernuak ez du sumatzen, momentu honetan, borondate eta klima politiko, instituzional eta sozial nahikoa dagoenik», zehazten du oharrak. Agintaldiaren hasieratik, PSEren gobernuaren lehentasunetako bat genero indarkeriari kontra egitea izan dela ohartarazi du. Beraz, orain legea tramitatzeko prozesua eten duen arren, indarkeria jasaten duten emakumeen arreta eta zaintza hobetzeko konpromisoari eusten diola eta eutsiko diola berretsi du Jaurlaritzak.
Igorritako oharraz gain, Mariola Serranok ez du adierazpenik egin nahi izan, ezta Maria Silvestrek ere. Herrizaingo Sailaren idatziarekin bat egiten duela baino ez du esan Emakundeko zuzendariak: «Eztabaidatu dugu, eta erabaki hori hartu dugu denon artean. Orain, neurriak eta politikak artikulatzeko beste modu batzuk landu behar ditugu».
Indarkeria matxista. Eusko Jaurlaritzaren lege egitasmoa
Jaurlaritzak eten egin du indarkeria matxistaren aurkako lege proiektua
Argudiatu du ez dagoela lege egitasmoa adostasunez onartzeko «borondate eta giro politiko, instituzional eta sozialik»Legea bertan behera uzteko eskatua zuen Euskal Herriko Mugimendu Feministak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu