Hezkuntza erreformaren etorkizuna gero eta ilunago dago Espainiako Kongresuan —LOMCEren kontrako taldeek dute gehiengoa—, eta lehen neurriak hartzen hasi dira erkidegoak: Eusko Jaurlaritzak jakinarazi du ez duela egingo Lehen Hezkuntza amaierako azterketa aurtengo ikasturtean. LOMCEren arabera, aurtengo ikasturte bukaeran egin behar zuten azterketa hori lehen aldiz.
Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak adierazi du probarako azterketa bat prestatzen ari direla Lehen Hezkuntzaren amaierarako, baina aurten ez dutela etsaminik egingo.
Iaz jarri zuten martxan Lehen Hezkuntzako hirugarren mailako azterketa, eta aurtengo ikasturtean egingo dute hori. Iaz, gorabehera handiak eduki zituen Jaurlaritzak azterketa horrekin, intsumisiora jo zutelako eskola askotan. Eragin akademikorik ez duela eta ikasleen egoeraz informazio baliagarria ematen duela defendatu du gobernuak.
Proba horiez aparte, ebaluazio diagnostikoak ere egingo ditu aurten Jaurlaritzak, aurreko urteetatik datozenak: bat Lehen Hezkuntzan egiten dute, laugarren mailan; bestea, DBH Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan, bigarren mailan.
LOMCE "pixka bat airean" ikusten du Uriartek, eta nabarmendu du euskal hezkuntzak "bere eredu propiorantz" egin behar duela.