Jaurlaritzak gida bat aurkeztuko du etxebizitzen diseinuan genero ikuspegia txertatzeko

Bizigarritasun dekretuan genero ikuspegia txertatzeko, adituekin elkarlanean ari da Eusko Jaurlaritza. Urte amaierarako aurkeztu nahi du dekretua.

Iñaki Arriola Lurralde plangintzako, Etxebizitzako eta Garraioetako sailburua. RAUL BOGAJO
Olaia L. Garaialde.
2021eko uztailaren 26a
15:34
Entzun

Eusko Jaurlaritzak gida bat aurkeztu asmo du etxebizitzen diseinuan genero ikuspegia gehitzeko. Hala iragarri du Iñaki Arriola sailburuak. Genero ikuspegian adituak diren zenbaitekin elkarlanean ari da Eusko Jaurlaritza, eta iragarri du urte amaierarako bizigarritasun dekretu bat aurkeztu nahi dutela, genero ikuspegia txertatzeko. Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) Generoa, arkitektura eta etxebizitza udako ikastaroa antolatu du Donostiako Arikitektura Insitutuan, eta han egin du iragarpena Jaurlaritzak.

Iñaki Arriola Lurralde Plangintzako, Etxebizitzako eta Garraioetako sailburuak adierazi du hainbat gai jorratuko dituztela dekretuan, eta gutxieneko batzuk zehaztuko dituztela. Besteak beste, «deshierarkikazioa» landuko dute, etxeko lanak eta ardurak familiako kide guztien artean banatzeko espazioak sortzea baita helburua. Horrez gain, ezkaratzetan eta eremu komunetan segurtasunik eza eragiten duten angelu itsurik ez sortzeko diseinuak sortu nahi dituzte.

Arriolak esan du beste pauso bat dela etxebizitzen diseinuan genero ikuspegia txertatzeko gida, hala nola elkartzeko espazioak sustatzeko, autonomia bultzatzeko eta espazio publiko eta pribatuen arteko trantsizioak sortzeko.

Ines Sanchez Madariaga udako ikastaroko koordinatzaileak azpimarratu du dekretuak etxebizitzetako eguneroko lanak erraztuko dituela; zaintza, besteak beste. Eta «espazio seguruagoak» sortuko dituela.

Hainbat adituk parte hartu dute ikastaroan; esate baterako, Despina Stratigakosek ibilbide historiko bat osatu du emakumeen arkitekturaren espazioetan barrena. Beste aditu batzuk etxebizitza politikez arituko dira, bakoitza ikuspegi batetik. Adibidez, Lori Brown testuinguru feministaz eta etorkizun jasangarriaz arituko da, Estatu Batuetako ikuspegitik. Lidewij Tummers hiri ez-sexistak sortzeko etxebizitza politiken alde egingo du. Azkenik, Daphne Spain haurdunen egoeraz arituko da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.