Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak datorren astelehenean, ekainak 1, berrekingo dio Bigarren Hezkuntzako irakasleei eta Lanbide Heziketako irakasle teknikoei zuzendutako Lan Eskaintza Publikorako eskabideak aurkezteko epeari. Epea ekainaren 1etik 5era egongo da zabalik, biak barne.
Era berean, epe horren barruan, aurrez aurkeztutako eskabidea ordaindu ahal izango da, ordaindu ez bazen, eta baita aldez aurretik betetako eskabidean edozein aldaketa eskatu ere.
Espainiako Gobernuak alarma egoera eman zuen martxoaren 14an, eta, horrela, etenda geratu ziren adminisitrazioaren tramite guztietako epeak; tartean, etenda geratu zen Hezkuntza Sailak deitutako lan eskaintza publikoan izena emateko epea. Otsailaren 28tik martxoaren 18ra bitartean egon behar zuen zabalik, baina lau egun lehenago epeak eten zituztenez, epea ixteko falta izan ziren egun kopuru bera ahalbidetuko dute orain.
Hezkuntza Sailak aurrerago jakinaraziko ditu hautagaiek programazio didaktikoa eta merezimenduak aurkezteko izango dituzten epeak.
1.148 plaza eskainiko ditu Jaurlaritzak: 1.021 plaza Bigarren Hezkuntzako Irakasleen Kidegorako eta 127 Lanbide Heziketako Irakasle Teknikoen Kidegorako.